Pastor
DARWIN ETA GU

Picasso, Estellés, Aresti

2023ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Joan den hilean Eñaut Elorrieta eta Iñigo Astiz elkartu ziren Bilbon Gabriel Aresti omentzeko ekitaldi batean. Astizek galdera bota zuen han: «Zer da, zehazki, nire aitaren etxea?». Galdera ezerosoa. Erantzuna ere halakoxea izan liteke, zertaz ari garen ez badakigu. Komeni da Arestiren poemaren esanahiaz jabetzea; bestela, beste batzuk izango dira horren jabe.

Bidegabeko jabetzea. Nork egin dezake hori ezkerrak baino hobeto? Eskuinari lupaz begiratzen diogu. Ezkerrari... Leonor Borboikoaren inguruko zeremonian ikusi dugu azken iruzurra. Francina Armengolek, Kongresuko presidenteak, Vicent Andrés Estellés poeta valentziarraren Propietats de la pena lana irakurri du. Hauxe dio: «Zeure egingo duzu herri baten ahotsa / eta zure herriaren ahotsa izango da / eta herria izango zara, betiko».

Estellések 1971. urtean idatzi zuen poema hori. Frankismoak bere herriari egindako erasoa salatu eta argi izpiak eskaini zituen garai ilun haietan. Poetak arbuiatzen zuen diktadurak monarkia ezarri zuen gero. Armengolek koroa laudatzeko erabili du testu ezaguna. 1976an Herrialde Katalanetan antolatutako Askatasunaren Ibilaldian hausturaren sinboloa izan zen poema Borboikoaren apaingarri bihurtu nahi izan dute.

Ez da lehen aldia, baina. Monarkiak ez du lotsarik izan diktaduraren aurkako sinboloak bereganatzeko, bere genesia ahaztuta: frankismoa. Joan Mirorekin gertatu zen. Pablo Picassorekin ere bai. Espainia berriro errepublika izan arte Gernika bertara ez eramateko esan zuen artista andaluziarrak. Frankismoa koadroa Madrila eroateko negoziazioetan ibili zen 1969an. Picassok ezetz borobila eman zuen. 1969ko uztailaren 22an Juan Carlosek bere egin zuen mugimendu frankistaren idearioa. 1936ko uztailaren 18ko legitimitatea baizik ez zuela onartzen adierazi zuen. Lau hilabete geroago, 1969ko azaroaren 14an, gutun bat argitaratu zuen Roland Dumasek, Picassoren abokatu eta gero Frantziako ministroa izango zenak, Le Monde egunkarian: «Gernika errepublikarekin baino ez da itzuliko Espainiara».

1970ean Dumasek hala moduzko testua osatu zuen. Idazkiaren arabera, koadroa askatasun demokratikoak izan ostean itzuliko zen Espainiara. Hala ere, 1971ko apirilaren 11n, Espainiako II. Errepublikaren 40. urteurrenean, Picassok argi utzi zuen, berriro ere, Gernika «Espainiako Errepublikaren Gobernuarentzat» zela. Bi urte eskasera, 1973ko apirilaren 8an, hil zen Picasso, iritzia aldatu gabe. Franco, aldiz, 1975eko azaroaren 20an zendu zen. Lana 1981eko irailaren 10ean heldu zen Espainiara. Francok inposatu zuen monarkia legitimatu zuten. Errepublika? Egon hadi zain. Euskaldunok Gernika Gernikara ekartzeko eskatzen dugunean ez gara, hein batean, Picassoren nahia desitxuratzen eta monarkia zuritzen ari?

Gabriel Aresti frankismoaren biktima izan zela adierazi du Espainiako Gobernuak. Noiz salatuko dute monarkiak frankismoaren aparatuari emaniko inpunitatea? Memoria historikoa aipatu, eta haien konstituzio sakratua goresten dute. Akaso ez dakigu zer testuingurutan inposatu zen konstituzioa? Adolfo Suarezek berak aitortu zuen militarren deiak izan zirela testua negoziatzen ari ziren bitartean, marra gorriak zeintzuk ziren gogorarazteko. Orduan gertatutakoa ez dugu aipatu behar, konstituzio sakratua nola irentsi behar izan genuen jakiteko? Memoria historikoa 1975eko azaroaren 20ra arte baizik ez da ailegatzen?

Vicent Andrés Estellésen lanaz jabetu da Armengol. Leonor Espainiako erregina egiten dutenean —eta egin egingo dute—, batek jakin ez ote dugun Valtònyc-en kantaren bat entzungo Kongresuan. Eskerrak Patxi Lopez ez den Kongresuko burua. Bestela gure aitaren etxea defendatuko zuen Borboikoaren aurrean. Arestik monarkia bedeinkatuko zuen? Picassoren eta Estellésen lanak berenganatu dituzte. Arestiren obraz ere jabetuko dira? Zer esan nahi du gaur gure aitaren etxeak. Nor da gure aita? Nor gure ama? Eta hori bezain garrantzitsua: zein da gure etxea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.