Unai Sordo, CCOOko idazkari nagusia, gure hautagaien Ohio da. Zergatik? Ez dakit! Zergatik da hain garrantzitsua Ohio AEBetako hauteskundeetan? Ba, hori ere ez dakit, baina gauzak horrelakoak dira. Diotenez, zerbait urtez urte eta hauteskundez hauteskunde errepikatzen bada, lege bihurtzen da. Agian, bai. Agian, ez. Nik al dakit!
Kontua da han Ohio dela gakoa.
Eta gurean Unai Sordo.
Kasualitatez ohartu nintzen, eguerdiko albistegia ikusten ari nintzela. «Atzoko irudi berberak eman ditiztek», pentsatu nuen. Baina erdi lo nengoenez, ez nion bestelako garrantzirik eman. Haatik, hurrengo egunetan ere irudi haiek berriro agertzen zirela ikusi nuenean, ez zela posible pentsatu nuen. Arraroa zen, eta ikertu beharra zegoen.
Eta, bai, Twitterren baieztatu ahal izan dudan bezala, arrazoia nuen: astelehenenean Laura Mintegi joan zen Unai Sordorengana; asteartean, Mikel Arana; asteazkenean, Patxi Lopez bera izan zen sindikalistaren egoitzara boto eske joan zena; ostegunean, Equo alderdiaren lehendakarigaia den Aitor Urresti.
Denak irribarretsu agertu ziren pantailan.
Zergatik, baina? Zer demontre ote dauka Unai Sordoren botoak? Zer dela-eta daukate denek gakotzat?
Eta are gehiago: kanpaina mota hau —zeinak, esan dezadan bidenabar, Atez Atearen antza ikaragarria duen— izango al da hemendik aurrera eredua? Jarraituko al dute pertsona gakoei banan-banan botoa eskatzen?
Ideiarik ez, baina, hala bada, abisa dezatela… nire agenda gainezka dago datorren asterako…
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boto-prontoan
Sordo jaunaren botoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu