Polizia operazioak. Erreakzioak

Andoainen atxilotutako gaztea aske uzteko eskatu du AAMk

Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, ertzain etxean dute Azpiroz Auzitegi Nazionalera eraman zain

AAMk atzo Andoainen emandako prentsaurrekoa. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Andoaingo Amnistiaren Aldeko Mugimenduak kezka agertu du Ertzaintzak asteartean Andoainen atxilotu zuen Urtzi Azpiroz gazteak jasan dezakeen egoeragatik. Inkomunikatuta dute andoaindarra, eta, iaz, inkomunikazio egoeran atxilotuta izan zituzten 63 pertsonek torturak salatu zituztela ohartarazi du, Andoainen egindako agerraldian; ertzainek inkomunikatutako zenbaitek ere salatu zituztela torturak.

AAMren ustez, «epaileek eta gobernuek erabiltzen duten tresna politikoa» da tortura. «Beldurra zabaldu, atxilotuei informazio politikoa atera eta autoinkulpazioak lortzeko» tresna.

Azpiroz «errepresio uholde» baten erdian atxilotu zutela ere salatu du Andoaingo errepresioaren aurkako taldeak. Asteartean bertan, Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak, Frantziako Poliziak eta Ertzaintzak hamahiru euskal herritar atxilotu zituztela ohartarazi du, eta hori ez dela «kasualitatea» izan. «Euskal Herrian abian den prozesu politikoa zapuzteko» helburua dute, haren ustez, sarekada horiek guztiek. «Espainiako eta Frantziako gobernu sozialistek alde bakarreko su-etenari eta distentsio keinuei atxiloketekin eta torturekin erantzuten diete, Euskal Herrira iritsi den egoera berriari beldur dioten seinale».

Azpirozi eta haren senide eta hurbilekoei elkartasuna adierazi, eta atxilotua askatzeko eskatu du AAMk. Hori egin ezean, epailearengana berehala eraman dezatela galdegin dute, «gutxienez», tratu txarrik behintzat jaso ez dezan.

Era berean, aurrerantzean astearteko operazioen antzeko sarekada gehiago etor daitezkeela-eta, euskal herritarrei zein gizarte eragileei mobilizatzeko deia egin die: «Estatuak behartu behar ditugu errepresioa gelditzera».

Bestalde, Azpirozek Ertzaintzaren esku jarraitzen duela jakinarazi zuen atzo Herrizaingo Sailak; ertzain etxean dutela, Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera eraman zain.

2002ko apirilaren bigarren hamabostaldian bi kale erasotan parte hartzea egotzi dio Herrizaingo Sailak andoaindarrari, eta Segiko kide izatea ere egozteko aukerak badaudela aurreratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.