Andoaingo errepideen korapiloa askatzeko hamabost urte, hiru proiektu eta bi gobernantza eredu

Bi errepidek bat egiten dute Andoainen, eta auto pilaketa itzelak sortzen dira egunero. 2011tik hiru proiektu aurkeztu ditu aldundiak. Gabezia bera dute denek: ez dute andoaindarren iritzia kontuan hartzen, herriaren etorkizuna baldintzatzen duten arren.

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoan aurkeztutako egitasmoa. BERRIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoan aurkeztutako egitasmoa. BERRIA
kristina martin
2025eko ekainaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eguna joan eta eguna etorri, ibilgailuen pilaketa izugarriak izaten dira Andoainen (Gipuzkoa). A-15 eta N-I errepideak batzen dira herri horretan, eta egunero, batez beste, 70.000 ibilgailu igarotzen dira handik. Gipuzkoako eguneroko pilaketa gunerik handiena gertatzen da Andoaingo lotunean. Ezin hobeto dakite hori ibilgailuen inbutu horretan egunero harrapatuta geratzen direnek.

Arazoa, ordea, ez da atzo goizekoa. Trafiko pilaketa horien iturburua 2011ko martxoan dago. Orduan zabaldu zen Hernanitik Andoainera doan A-15 autobiaren zatia; N-Iekiko lotunean —Bazkardo auzoan— errei bakarra eraiki zuen aldundiak. Andoni Alvarez Andoaingo alkateak azaldu duenez, «orduan esan zuten behin-behinekoa zela, Andoain inguratuko zuen saihesbidea egiteko plana lantzen ari zirela». Zenbait plan izan dira, baina bakar batek ere ez du aurrera egin. Hamabost urte igaro dira, eta behin-behinekoa zena gurutze bide bilakatu da milaka erabiltzailerentzat.

Proiektuak proposatuz eta proposatuz hasi ziren A-15aren zati berria zabaltzearekin batera. Lehenengo proiektua 2011n aurkeztu zuen aldundiak. Anbiziotsua zen: N-I errepidea herritik ateratzea eta mendi aldera eramatea aurreikusten zuen. Aurkeztu eta gutxira baztertu zuen aldundiak, garestiegia zela argudiatuta.

Hamarkada bat geroago, aldundiak bigarren aukera jarri zuen mahai gainean. 2022an plazaratu zuen CII proiektua, eta kontrako iritzi ugari piztu zituen Andoainen. Aukera horrek aurreikusten zuen errepideak herria gainetik zeharkatzea, eta, kaltetuek salatu zutenez, kutsadura akustiko eta paisajistiko handia eragingo zuen. Hori dela eta, ez atzera eta ez aurrera geratu zen hura ere. Aurtengo martxoan hirugarren proiektua aurkeztu zuen Eider Mendozak gobernatzen duen erakundeak.

Andoaindarren iritzia entzun beharra

Hortaz, hiru proiektu egon dira mahai gainean, baina denek gabezia bera dute, Andoaingo Udalaren ustez: horiek osatzeko ez dute ez udalaren ez andoaindarren iritzia aintzat hartu. Alkatearen esanetan, saihesbidea garrantzi handikoa da Andoainerako, eta, ondorioz, nahitaez kontuan hartu behar da herritarren iritzia.

Gabezia hori bete nahian, udalak gizarteratze prozesu bat ipini du abian, herriari aukerak ezagutarazteko eta herritarren aburua jasotzeko. Lehenengo urratsa egin dute jada: orain arte aurkeztu diren proiektuen azterketa konparatiboa egin du, eta ondorioak martxoan plazaratu zituen herritarren aurrean.

Alvarezek argitu duenez, «eskuduntza aldundiarena da; hori ez dugu zalantzan jartzen». «Hala ere», jarraitu du, «udala garen aldetik, ezin dugu esan gure eskuduntza ez denez proiektua onartzen dugula eta kito. Ez gaude horrekin ados. Gure ardura da aukera desberdinak mahai gainean jartzea eta herritarrekin batera lantzea. Horregatik abiatu dugu gizarteratze prozesu bat».

Gizarteratze prozesua

Lehen fasea egin dute dagoeneko: aukerak aztertu eta ondorioak plazaratu dituzte. Bigarren fasean ari dira orain: jendearen artean proiektuak ezagutarazten. Alkatearen iritziz, garrantzitsua da herritarrek beharrezko informazioa izatea, iritzia eman aurretik. «Andoaindar batzuk, beren auzoetan eragin zuzena duelako, oso inplikatuta daude; baina besteek, oro har, ez dakite oso ondo zeintzuk diren aukerak. Gure lana, beraz, informatzea da».

Informazioa herritarren eskura jartzeko fasea udako oporrak hasi bitartean egingo dute. Denbora tarte horretan, udalak zenbait aditu eramango ditu herrira, mahai gainean egon diren proiektu horiek guztiek osasunean, ingurumenean eta ekonomian duten inpaktuari buruz hitz egin dezaten.

Herritarren iritzia jasotzeko fasea urrian egitea espero du udalak. Udal gobernuak agindu zuen bezala, andoaindarren iritzia aldundira eramango du. «Ez dugu erakundeen arteko talkarik nahi. Aldundiarekin orain arte izan ditugun harremanak errespetuzkoak izan dira. Gure ustez, herritarrekin batera landuz gero, ateratzen den proiektua, edozein dela ere, beti hobea izango da».

«Ez dugu erakundeen arteko talkarik nahi. Aldundiarekin orain arte izan ditugun harremanak errespetuzkoak izan dira. Baina, gure ustez, herritarrekin batera landuz gero, ateratzen den proiektua, edozein dela ere, hobea izango da»

ANDONI ALVAREZAndoaingo alkatea

Alvarezek nabarmendu duenez, herrietan eragin handia duten obra publikoak kudeatzeko garaian ikuspegi politiko desberdinak gaude: «Batzuek zera diote: herritarrek botoa eman digute eta, ondorioz, dena erabakitzeko ahalmen osoa dugu».

Auziari heltzeko beste modu bat da, Alvarezen hitzetan, «gehiengoaren botoa izanda ere, proiektu garrantzitsuetan herritarren partaidetza sustatu nahi dugunona». Udal gobernuak bigarren aukeraren alde egin du.

«Guretzat oso garrantzitsua da herriak erabakietan parte hartzea; azken finean, Andoainen egingo den proiektuak urte askotako eragina izango duelako, eta horrek herriaren garapena erabat baldintzatzen duelako».

Denboran batera

Denboran paraleloak dira, beraz, Andoaingo partaidetza prozesuaren emaitza eta aldundiak aurkeztutako azken proiektuaren idazketa. Hala ere, Andoni Alvarezen iritziz, prozesu administratiboak luzeak dira, eta andoaindarren iritzia kontuan hartzeko denbora badago. «Aldundiak entzun nahi badu, aukera badu. Azken finean, gobernantza ereduaz ari gara».

Hamabost urte, hiru proiektu

  • 2011. Udalaren aspaldiko nahia zen herria zatitzen duen N-I errepidea herrigunetik ateratzea, eta foru aldundiari behin baino gehiagotan eskatu zion horri bide egiteko proiektua egin zezala. Eta halaxe izan zen: errepidea herrigunearen eskuinera eramateko proiektua aurkeztu zuen aldundiak. Alde positiboak eta negatiboak zituen proiektu horrek: negatiboak dira kostu ekonomiko handia —125 milioi euroko aurrekontua zuen— eta ingurumenean ere eragin garrantzitsua —errepidearen ibilbidea aldatzeko mendia hustu beharra—. Onurei dagokienez, proiektu horrek modua emango zuen errepideak bitan banatutako herria batzeko eta garatzeko.

    Zehazki, errepidearen alde batean dagoen kirolgunea zabaltzeko aukera emango zuen, eta Aita Larramendi ikastolak pairatzen duen zarata murriztuko zuen. Horretaz gain, errepidearen beste aldean dauden auzoak herrian integratzeko modua emango zuen. Nolanahi ere, krisialdi ekonomikoaren ondorioz diru bilketa murriztu zela argudiatuta, proiektua baztertu zuen aldundiak.

  • 2022. CII proiektua aurkeztu zuen aldundiak. Proposamen horrek kontrako iritzi ugari piztu zituen Andoainen. Herri plataforma bat sortu zen, eta sinadura bilketa abiatu zuen. Mozio bat aurkeztu zuen udalbatzarrean, eta gehiengo zabalaz onartu zen —EAJk ez beste talde guztiek bozkatu zuten proiektuaren aurka—. Orduan PSEk eta EAJk osatutako gobernua zegoen, bai Andoainen eta bai aldundian.

     Mozioaz gain, proiektuari alegazio ugari ere aurkeztu zizkioten udalak eta herritarrek. Horren ondorioz, aldundiak erabaki zuen CII proiektua ez egitea. Horren ordez, agindu zuen proiektua egokitu egingo zuela alegazioak kontuan hartuta.

    2023an udal hauteskundeak izan ziren, eta EH Bilduk hartu zuen Andoaingo gobernuaren lema. Andoni Alvarez alkateak esan duenez, «argi ikusi genuen mahai bat eratu behar genuela, proiektu horren inguruan herri gisa erantzun bat osatzeko».

     EH Bilduk, Espainiako aurrekontuen negoziazioan, alderdi sozialistarekin adostu zuen Andoaingo Udalari 472.000 euroko diru sail bat emango ziotela proiektuak aztertzeko eta Andoainerako egokiena den aukera mahai gainean jartzeko.

    «Agindu genuen bezala, martxan jarri genuen ikerketa hori», nabarmendu du Alvarezek.

  • 2025eko martxoa. Egitasmo berriak CIIak baino iparralderago eramaten du ibilbidea, eta, hortaz, herritik aldenduagoa geratuko litzateke bi errepideen arteko lotura egiteko azpiegitura. Aldundiak eginiko kalkuluen arabera, 18.500 ibilgailu inguru hartuko ditu egunero Astigarragatik (A-15) hegoalderantz doan trafiko fluxutik.

    Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusitako egutegiaren arabera, proiektua aurtengo bigarren seihilekoan idatziko dute, eta espero dute obrak 2026an abiatuko direla. Proiektuaren kostuaren estimazioa 43 milioi eurokoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.