Andoni Rojo EH Bilduren Kongresurako hautagaiak jasan dituen mehatxuak salatu ditu Twitter sare sozialean. Gizon bat hurbildu zaio, eta modu erasokorrean hasi zaio irainka, EH Bilduk Bilbon duen egoitzaren ondoan, Venezuela plazan. EH Bildu "demokraziaren bilakaera egokia" eragozten ari dela aurpegiratu dio, eta ohartarazi koalizioa aurki "espaziorik gabe" geldituko dela, egun jazartzen ez zaien "delituei" jazarriko zaielako. Rojok erasoa grabatu du sakelakoarekin.
Bideoan ikus daitekeenez, gizonak Rojori esan dio nazkatuta dagoela "gaizkileentzako amnistia" eskatzen duten kartelak erretiratzeaz. "Laster ez ditut gehiago erretiratu beharko, ezingo dituzuelako gehiago jarri. Hori delitua delako. Ulertzen duzu? Tipifikatutako hainbat delitu dira. Ez zaie jazartzen ari, baina jazarriko zaie. Inkisizioa badator, lagunak. Espaziorik gabe geldituko zarete, demokraziaren bilakaera egokia eragozten ari zaretelako. Esaiozu Otegiri".
Horrez gain, hainbat aldiz iraindu du. "Zure amaiera naiz, Satanas. Ordu gutxi gelditzen zaizkizu, tentela. Maritxua. Ezin nauzu ukitu, ergela. Ukiezina naiz zuretzat. Zaborra. Grabatu, eta jar nazazu marko batean", mintzatu zaio.
Rojok adierazi du eskuinaren hautagai bat mehatxatu izan balute hedabideak gaitzespen mezuz eta titularrez beteko liratekeela. "Baina euskal independentismoaren ezkerreko hautagai bat naiz, eta ultra homofobo honen mehatxuak zigorgabetasunean eta isiltasunean geldituko dira".
Si hubieran amenazado a un candidato de la derecha, los medios se llenarían de condenas y titulares. Pero soy candidato de la izquierda independentista vasca y las amenazas de este ultra homófobo se quedarán en la impunidad y el silencio. pic.twitter.com/mr0t9huD0k
— Andoni Rojo (@andoni_rojo) November 6, 2019