Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak kazetariei erantzun die gaur, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura zela eta, korridoreetan, Hezkuntza Legeari buruz EAJk eta PSE-EEk egin duten akordioaz azalpenak emateko. Atzo esandakoa berretsi du: adostutako zuzenketen bidez, eredu elebakarra ezar ez dadin bermatzen da, eta familiek eredua hauta dezaten ere bai. Eta atzo EH Bilduko Pello Otxandianok eskatutakoari erantzun dio. Bertsio bakarra dago, Anduezaren esanetan. EAJ eta PSE-EE ados daude, eta hezkuntza ereduak mantentzearen alde egingo dute: «Agian interpretazio okerra egin duena Hezkuntza sailburua izan da, Jokin Bildarratz». Bai EAJk, bai Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «interpretazio bera» egiten dutela esan du Anduezak.
Hezkuntza itunetik lege aurreproiektura egindako bidean ez da hezkuntza eredua jaso. Astearte goizean amaitzen zen legeari zuzenketak jartzeko epea, eta gobernuko bazkideek, EAJk eta PSE-EEk azken unean aurkeztu zituzten zuzenketak elkarrekin. PSE-EEren eskaera zen ereduei eustea.
Anduezak defendatu egin du PSE-EEk zuzenketarekin egindako «ekarpena», «eredu elebakar batera ez joatea bermatu duelako». Galdetu diote zer iritzi duen EH Bilduk legea ez babesteaz, eta esan du «gehiengoak ezartzeko» daudela, baina ahaleginak egingo dituztela EAJk eta PSE-EEk ez ezik EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere babes dezaten. EAJk eta PSE-EEk badute gehiengo osoa parlamentuan legea aurrera ateratzeko: 41 eserleku.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ez du eredu linguistikoetan jarri arreta, hura «garatu eta eguneratzean» baizik. Aitortu du egungo ereduak ez datozela bat ikastetxeetako errealitate soziolinguistikoekin. ETB1en egin dioten elkarrizketan, esan du eredu linguistikoak helburu jakin bat lortzeko tresna bat direla; alegia,DBH amaitzerako ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz B2 maila eskuratzea eta beste hizkuntza batean B1a izatea lortzeko tresna bat.
Esan du hezkuntza sistemak haur asko euskaldundu dituela azken berrogei urteetan, baina gizartea aldatu egin dela, eta aldatzen segituko duela: «Egokitu egin behar dugu». Beraz, haren ustez, EAJk eta PSE-EEk adostutako zuzenketarekin «argitu eta hobetu» egin da lege proiektua. «Orain, legebiltzarraren txanda da, eta legebiltzarkideek eztabaidatu egin behar dute Hezkuntza Lege hobea lortzeko».
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzaren hizkuntz politikako sailburuordea harrituta azaldu da gaur Bizkaia Irratian egin dioten elkarrizketan, hezkuntza ereduek sortu duten polemikaren harira. Uste du horietaz ari denak ez duela ikastetxeetako errealitatearen berri, eta ereduena gaindituta dagoelakoan dago. Azpimarra egin du legearen beste puntu batean: jasotzen da ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua garatu ahal izango duela, daukan errealitate soziolinguistikoaren arabera. Eta helburua zehazten da: DBH amaitzerako ikasle guztiek euskaraz eta gaztelaniaz B2 maila izatea eta hirugarren hizkuntza batean B1a. Uste du EH Bilduk lege proiektuari babesa ematen segituko duela.
Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendariak Euskadi Irratian esan du gaur egun ez daudela baldintza egokienakalderdien arteko elkarrizketa baterako, eztabaidak dimentsio publikoa hartu baitu. Hori ona dela esan du, alderdi bakoitzak orain publikoki azaldu behar baitu bere jarrera. Berretsi du, Dobaranek esan moduan, ikasgeletan ereduen auzia gaindituta dagoela, ikasgela berean askotan nahasten baitira elebakarrak eta eleaniztunak, askotariko jatorrikoak, eta egungo ereduak zaharkituak geratu dira errealitate horri erantzuteko. «Arazoa da ez dagoela estrategia eta baliabide nahikorik aniztasun linguistiko horri erantzuteko». Orain arte Hezkuntza Legearen testurako egindako bidean, 4. artikuluan jasotzen da «euskara ardatz duen eredu eleaniztuna» sustatu behar dela ikastetxeetan, eta ez du ulertzen orain zertara datorren legearen atarikoan ereduak txertatu behar izatea; kontraesanezkoa dela uste du. Otxandianoren ustez, gutxiengo batek, PSE-EEk, inposatu dio gehiengoari irizpide politiko bat. Gogoratu du bi urte luzetan Hezkuntza Legeari lotutako lantalde askotan hartu dutela parte, eta orain arte PSE-EEk ez duela auzitan jarri ereduak gaindituta zeudenik. «Zertara dator orain ereduak blindatzea?». Uste du hauteskundeei begirako interesak gailentzen hasi direla. «Lege hau estrategikoa da, herri kohesiorako oinarrizkoa, eta eskatzen dugu eztabaida hezkuntza gaiei atxikitzeko». Otxandianoren esanetan, interes asko daude prozesu honek ez dezan arrakastarik izan, eta, legealdi honetan ateratzen ez bada, ez du uste bermerik dagoenik hurrengo legealdian utzitako toki berean heltzeko legeari.