Anetoko glaziarraren urtzea areagotu zuen iazko beroaldiak

gotzon hermosilla
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Berez txikia den arren, Aneto mendiko glaziarra Pirinioetako handiena da. Hala ere, arrisku bizian dago, The Cryosphere aldizkarian argitaratutako ikerketa batek azaleratu duenez. Horren arabera, glaziarraren azalera ia bi heren murriztu da 1981etik iaz arte: %64,7. Bereziki adierazgarria izan zen iazko beroaldiak ekarritako kaltea: glaziarrak ohi baino hiru aldiz izotz gehiago galdu zuen 2022an.

Anetoko glaziarrak 135 hektareako eremua hartzen zuen 1981ean, eta, gaur egun, 48 hektarea baino ez du. Baina higatzeak Pirinioetako gainerako glaziarrei ere eragin die. Aipatutako ikerketaren arabera, 80ko hamarkadan 810 hektarea hartzen zuten glaziar guztiek; 2020an, 232 hektarea; eta iaz, 170 baino ez. Horrek esan nahi du Pirinioetako eremu glaziarra ia %80 murriztu dela 40 urtean.

Normalean, Anetoko glaziarrak metro bat izotz galtzen du urtero, baina 2021-2022 denboraldia oso bero eta lehorra izan zen, eta horrek ekarri zuen izotz galera hirukoiztu izana denbora tarte horretan

IPE Pirinioetako Ekologia Institutuak egin du ikerketa. Horren helburua zen eskura dauden datu guztiak bilduz glaziarraren azalerak 1981etik 2022ra berreraikitzea eta, hortaz, izandako bilakaera ezagutzea. Horretarako, airetik hartutako bereizmen handiko irudiak erabili dituzte, eta hiru dimentsioko ereduak sortu dituzte. EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasle Eñaut Izagirre Estibaritzek parte hartu du aipatutako ikerketan.

«Egoera kritikoa»

Ikerlariek azaldu dutenez, azterketak agerian utzi du «glaziarraren egoera kritikoa»: laster batean glaziarra hiru zatitan banatzeko arriskua handia da, eta, gainera, 2021-2022 denboraldian izandako bolada bero eta lehorrak glaziarraren «degradazioa» ekarri zuen.

«Horrek arrisku handia dakar Anetoko glaziarraren iraunkortasunerako, eta egoera hori Pirinioetako gainerako glaziarretara ere zabal liteke nahiko denbora laburrean», erantsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.