Angel Toñak iragarri du EH Bilduri emango diola botoa

Vocento taldeak argitaratu duen iruzkin batean egin du iragarpena Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu ohiak. Koalizioak «Euskadiren adiskidetzean» emandako pausoak balioetsi ditu.

Angel Toña Eus Jaurlaritzako sailburu ohia. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko uztailaren 20a
10:34
Entzun

Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu izandakoak iragarri du EH Bilduri emango diola botoa igandean. Vocento taldeak gaur argitaratu duen idatzian egin du iragarpena Toñak. Votar para seguir avanzando izenburupean idatzitako testuan (Botoa eman aurrera egiten jarraitzeko), Toñak adierazi du hurrengo igandean parlamentu bat eta gobernu bat eratuko direla Espainian, eta herritar askok nahi dutela, bera barne, «gehiengo nahikoak» egotea gizarte, lan eta ekonomia arloko lorpenak bermatzeko eta hobetzeko, eta «kolektiborik behartsuenei» babesa eta laguntza emateko. Ez hori bakarrik: gaineratu du igandeko bozetan jokoan dela Kataluniako eta Euskal Herriko «bizikidetza baketsua» ahalbidetuko duen «nazio anitzeko berezitasunean» aurrera egitea ere.

«Nire ustez, herri honetako ezkerrak erakutsi du guztiontzat gobernatzen dakiela, eta enpresaburu, langile, administrazio eta gizarte kolektibo desberdinen interesak ere berma dezakeela», adierazi du. Alde horretatik, iritzi dio ezinbestekoa dela babesa ematea PSOE, Sumar, ERC eta EAJrekin batera gobernu «aurrerakoi» bat lortzea ahalbidetuko duen alderdi bati, Kongresuan gutxienez 176 eserleku lortzeko.

«Euskadik bere buruarekin adiskidetu behar du. Eta hori egiteko modu bat da onartzea EH Bilduk emandako pausoak ezinbesteko baldintza izan direla bide horretan. Nik nahi dut denok pauso gehiago ematea. Sinesten dut Euskadi solidarioan, oparoan, ez hain desorekatuan», erantsi du Toñak. Haren iritziz, une egokia da EH Bilduk egindako bidea aitortzeko. «Oso beharrezkoa iruditzen zait Euskadi ordezkatzen duen ezkerra gure konfiantza jarri ahal izateko alderdia izatea, indarkeriaren urte gogorrak zuzendu eta beharrezko adiskidetzean aurrera egiten jarraitzea». Horretarako EH Bilduk boto hori jaso behar duela esan du, «Euskadiko bizikidetzak guztiak lubakietatik atera ditzan». EH Bilduk ez ezik gainerakoek ere aurrera egin behar dutela uste du. Era berean, garrantzitsutzat jo du nazio aniztasuna aitortuko duten alderdien lana, eta hor kokatu du EH Bildu.

«Nik adierazten dut EH Bilduri emango diodala botoa. Inoiz ez dut nire botoa ezkutatu; orain ere ez dut ezkutatuko», azpimarratu du, eta argitu bere botoa ez dela «baldintzarik gabea, ezta dogmatikoa ere»: «Uste dut ezkerreko pertsona bat naizela eta izan naizela. Uste dut nazionalista moderatua izan naizela, eta naizela orain ere. Ez dut independentzia aldarrikatzen: eskari gainditua iruditzen baitzait. Asimetria plurinazionala aldarrikatzen dut. Horrek egin ninduen Euskadiko Ezkerrako militante 1977tik 1991ra. Eta Bakearen Aldeko Koordinakundearena. Ordutik, nire independentzia politikoari eutsi diot, baina Ezker Batuaren eta Aralarren hautagaitzak babestu nituen, eta EAJren gobernu bateko kide ere izan nintzen, unean-unean egin behar nuena egin behar nuela sinetsita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.