Annanek esan du bakea lortzeko beharrezkoa dela «ezohiko ausardia»

Elkarlanerako deia egin die eragile guztiei, «konpromiso eta sakrifizioek onurak ekartzen dituztelako»

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia itxaropentsu azaldu zen atzoko konferentzian. «Europako azken gatazka armatua» amaitzeko konpromisoa agertu zien han bildutakoei, eta «ezohiko ausardiaz» jokatzeko eskatu. «Indarkeria elkarrizketarekin eta politikarekin ordezkatu behar da», adierazi zuen.

Ateak itxita eta soilik konferentzian parte hartu zuten eragileen aurrean egin zuen hitzaldia; bertan, Annanek azaldu zuen bere izenean parte hartu duela konferentzian, «bakearen izenean», eta euskal gatazkak eragin dituen min guztiak aintzat hartzen dituela nabarmendu zuen.

Gatazkaren biktima guztiak aintzat hartzen dituen irtenbide baten alde egin zuen Annanek, eta haiengatik eta belaunaldi berriengatik arduraz jokatzeko eskatu die konferentzian parte hartu duten eragile guztiei.

Agirian, Annanek azaldu zuen bere ustez gatazka bat amaitzeko gakoak zeintzuk diren. Ohartarazi zuen konponbide prozesuetako azken faseetan jazotzen direla «unerik zailenak». Hori hala, gatazkaren konponbidean eragile guztien parte hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuen.

Historiaren gatibu

Lidergoari ere garrantzi berezia eman zion Annanek. Haren ustez, beharrezkoak dira «historiaren gatibu» ez diren liderrak. «Inork ez ditu ahaztu behar iraganean eginiko injustiziak». NBEko idazkari nagusi ohiaren arabera, gatazka armatu guztiak ezberdinak izaten dira, eta ez dago konponbide bakarra. Hala ere, esperientziak erakutsi dio eragile guztien parte hartzearekin soilik lor daitekeela «bake iraunkor» bat. «Konpromiso eta sakrifizioek onurak ekarriko dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.