Anoetako ekitaldiaren inguruko epaiketa, gaur

«Terrorismoa goratzea» leporatu diete Alvarezi, Otegiri eta Permachi Batasunaren 2004ko agerraldiarengatik

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Joseba Alvarez, Arnaldo Otegi eta Joseba Permach Espainiako Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulkian eseriko dira, gaur, «terrorismoa goratzeaz» akusatuta, 2004ko azaroaren 14an Donostiako Anoetako belodromoan Batasunak egin zuen ekitaldi batengatik. Fiskalak hemezortzina hilabeteko espetxe zigorra eta hamabina urteko inhabilitazioa eskatu du haientzat, eta Ermuko Foroak, herri akusazio gisa aurkeztu denak, berriz, bosna urteko espetxe zigorra eta hogeina urteko inhabilitazioa.

Hamabost mila lagun bildu ziren ekitaldi hartan, Batasunak Anoetako proposamena aurkeztu zuen. Bakerako proposamen gisa hartu zuten Euskal Herriko alderdi eta eragile gehienek. Talde abertzaleetatik hasi eta alderdi sozialistaraino, ekarpen baikortzat jo zuten gatazka gainditzeari begirako metodologia ere biltzen zuen txostena. Euskal Herritik kanpo ere, urrats garrantzitsutzat jo zen. Eta gerora etorri ziren elkarrizketa eta bake saioetarako abiapuntu izan zen, nolabait.

Sei urte beteko dira, igandean, gaur epaitzen hasiko diren ekitaldi hori egin zela.

«Prozesua eragozteko saioa»

Gaurko epaiketa «martxan» dagoen konponbiderako prozesuaren aurkako oztopo gisa aurkeztu zuten Alvarezek eta Permachek, auziaz hitz egiteko astelehenean egin zuten agerraldian. «Oztopo» hori Espainiako Estatuko «sektore batzuk» jartzen ari diren eragozpenen barruan kokatu zuten libre diren bi auzipetuek. «Badira sektore batzuk izua diotenak konfrontazio demokratikoari, denok hitzaren bidez aritzeari; proposamen politiko guztiak posible egingo dituen prozesu demokratikoari». Gernikako Hitzarmeneraino iritsi badira, «Anoetatik pasatu» zirelako izan dela azpimarratu zuten, eta epaiketak, dena den, ez duela ezker abertzaleak egina duen «apustu sendoa» aldaraziko.

Jone Goirizelaiak, defentsako abokatuak, politikotzat jo du gaur hasiko den epaiketa, haren ustez akusazioak oinarri juridikorik ez duelako. «Direnak direlako epaituko dituzte. Bai lehen eta bai orain konponbiderako apustua sutsu egin dutenetakoak dira epaituko dituztenak, eta horregatik zigortu nahi dituzte».

@Berria.info-k epaiketaren zuzeneko kontaketa egingo du Twitter bidez gaur eta bihar. Kontakizuna jarraitzeko:

www.berria.info
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.