Anoetako istiluetan SIR-X motako hiru foam jaurtigai «poltsatik erori» zitzaizkiela deklaratu dute bi ertzainek

Zabarteren auzian, zazpi ertzain egon dira epailearen aurrean. Ertzainek ezin zuten SIR-X foam jaurtigairik erabili egun hartan, baina hiru «galdu» egin zitzaizkien Anoetan. Zauritutakoaren senarrak jakin nahi izan du «tiro egin zuenak zer aurpegi duen».

Iker Sarriegi abokatua eta Joseba Novoa gaur, Donostiako epaitegietara sartzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Sarriegi abokatua eta Joseba Novoa gaur, Donostiako epaitegietara sartzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2025eko abenduaren 5a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko martxoaren 5ean, Realak eta PSGk jokatutako furbol partidaren atarian, Ertzaintzaren foam bala batek larri zauritu zuen Amaya Zabarte buruan, Anoeta inguruetan; gero, lurrean zela, ertzain batek ostikoa jo ziola ere salatu dute. Gaur, eraso horrekin loturik dauden zazpi ertzainek deklarazioak egin dituzte Donostiako Epaitegian: bost, ikertu gisa, eta beste biak, lekuko gisa. Bi horiek Iker Sarriegi abokatuaren galderak erantzun dituzte; ikertuek uko egin diote erantzuteari.

Eta, erantzunen horien arabera, jakin ahal izan da Anoetako operazioan ertzainek galarazita zeukatela SIR-X foam balak erabiltzea; ikergai diren gertaerak izan baino ordubete lehenago iritsi zen agindua. SIR balak baino kalte handiagoak eragin ditzakete SIR-X motakoek, eta zuzendaritzak erabaki zuen Anoeta inguruetarako ez zirela egokiak. Hala ere, Ertzaintzak egindako oldarraldiaren osteko txostenetan, azaltzen da hiru SIR-X falta zirela, erabili behar ez ziren balak, alegia. Foam jaurtigai horiekin zer gertatu zen galdetuta, ertzainen erantzuna izan da «poltsatik erori» egin zitzaizkiela; hau da, «galdu» egin zirela Anoeta inguruan.

Bi agentek egin zuten tiro Amaya Zabarte buruan larri zauriturik utzi zuen oldarraldian. Irudiei eta Ertzaintzak berak egindako txostenei jarraikiz, Sarriegi abokatuak ziurtatu du ez dela zaila jakitea nork jaurti zuen Zabarte zauritu zuen bala; hain zuzen, SIR-X bala bat «galdu» zuten bi ertzainetako bat litzatekeela. Izan ere, operazioen ostean, jasota geratzen da ertzain bakoitzak zenbat eta zer motatako foam bala bota dituen.

Zabarte betiko zauriturik utzi duen erasotzailea zein den jakiteko aurrerapauso bat ekar dezake Donostiako epaitegiko gaurko jardunak, baina Sarriegik uste du ezen, Xuhar Pazosen auziarekin gertatu den antzera, Ana Isabel Perez Asenjo epailea gai dela «edonoiz» Zabarte auzia artxibatzeko, «bai eta lekuko garrantzitsu baten deklarazioa hartu gabe ere». Zabarte lurrean zauriturik ikusi eta lagundu zuen emakume bati erreparatu dio abokatuak. Hura ere lekukoa da, baina oraingoz ez dute deitu deklaratzera.

Aurpegia kaputxarik gabe

Ertzainak testigantza ematen hasi aurretik, Zabarteren senar Joseba Novoak adierazpenak egin ditu, eta argi eta garbi esan du ertzainek zer aurpegi duten jakin nahi duelako joan dela epaitegira. «Tiro egin zuenak hitz egin behar du», esan du Novoak. «Zer aurpegi duen jakin nahi dut, haiek badakite-eta nik zer aurpegi dudan; beraz, ez daitezela ezkutatu kaputxa batekin».

Gaur elkarreratzera deitu dute Ertzaintzako sindikatu batzuek, polizien aurkako erasoek gora egin dutela ziurtatuta, eta, protesta horren harira, Novoak esan du indarkeria «gaitzetsi» egiten duela, ez dela bidea, baina «pena» eman diola Ertzaintzaren sindikatu horiek, «lankideen arduradun gisa», ez direla gai izan «gaitzesteko» haren emazteari emandako «ostikoa».

Zabarteren senarrak gogoratu du egun hartan hiru emakume zauritu zituztela Ertzaintzaren oldarraldi batean: «Burura egin zieten tiro» foam balekin. Horregatik, eskatu die Ertzaintzako sindikatuei «gizartearen ondoan jartzeko une batez». Ez du egin Ertzaintzaren protokoloak aldatzeko eskaera, «baizik eta ertzainek gizartearekin duten jarrera» aldatzekoa.

Era berean, Ertzaintzaren Barne Gaietarako Sailaren aurka aritu da Novoa. «Manipulatzen eta gezurrak esaten jarraitzen dute», esan du. «Hau dena zera da, ezkutatu eta gezurrak esan une oro, egun hartan gaizki egindakoa aitor beharrean. Jardun ziren moduak huts egin zuen, eta esan beharko lukete neurriak hartuko dituztela». Erantsi du hor daudela gertaerak, nahiz eta «estali» nahi izan dituzten: «Irudiak hor daude».

Bestalde, Zabarte auziaren ikerketa judiziala orain arte «izugarri txarra» izan dela helarazi du, eta «lekuko nagusiak» oraindik ez duela deklaratu. Hark lagundu zuen Zabarte, lurrean ikusi zuenean, zauriturik. Era berean, ziurtatu du Ana Isabel Perez Asenjo epailea Zabarte auzia artxibatzen saiatuko dela. Izan ere, epaile horrek artxibatu egin zuen lehen salaketa, deklarazioak hartu gabe, eta ikerketarik egin gabe. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, ordea, auzia berriro zabaltzeko agindu zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA