531 euro eta 71 zentimo. Paziente batek diru hori ordaindu behar izan zuen 2023ko abuztuan, ebakuntza batean anputatu zioten hanka garraiatu, erraustu eta desagerraraz zezaten. Osakidetzak uko egin zion anputatutako hanka horretaz arduratzeari, eta zera esan zioten: «Orain arte ez bezala, duela pare bat urtetik, gutxi gorabehera, anputazioa sufritu duen pertsonak berak jarri behar du harremanetan hileta etxe batekin, anputatutako gorputz atala jaso eta erraustu dezan».
EAEko Arartekoak otsailean eman zuen gertatutakoaren berri, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari gomendatu zion ordaindutako 531,71 euroak itzul ziezazkiola pazienteari. Ebazpen hartatik hilabete igarota, jardunbidea moldatu du Osakidetzak: aurrerantzean, bere gain hartuko ditu anputazioen, ebakuntzen eta abortuen ondoriozko gorpuzkiak garraiatzeko eta desagerrarazteko tramiteak eta kostuak.
Otsaileko ebazpenean, Arartekoak gogorarazi zuen EAEko Hilotzen Sanitate Alderdiei Buruzko Araudiak argi bereizten duela zer diren hilotzak eta zer diren gorpuzkiak: «Gorpuen ehorzketa eta erraustea hildakoak edo haren ondorengoek ordaindu behar dituztela berariaz aurreikusita dago araudian, baina ez da gauza bera gertatzen gorpuzkiekin». Ikuspegi horrekin bat egin du orain Osakidetzak, eta instrukzio berri bat onartu du, «osasun arreta humanizatzeko» xedez.
Instrukzio berriaren arabera, EAEko Osasun Zerbitzu Publikoak bere gain hartuko ditu gorpuzkiak errausteko betebeharrak eragindako tramiteak eta kostuak. Horren bidez, Osasun Sailak erantzun «gizatiarragoa, enpatikoagoa eta errespetuzkoagoa» eman nahi diete pazienteei. Arau berriak 4/2024 zenbakidun instrukzioa ordezkatuko du, eta aplikagai izanen da Osakidetzaren zerbitzu antolakunde guztietan.
Argi utzi dute, halere, pazienteen edo senideen berariazko baimena jaso beharko dutela horretarako: «Pertsonek, beren erabakiz, nahiago badute gorpuzkiak bere gain hartu, adibidez ehorzketa edo errausketa partikularra egiteko, haiek edo haien senideek izango dute beharrezko kudeaketa egiteko ardura eta beren gain hartu beharko dituzte horrekin lotutako gastuak, hilotz osasunaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera. Kasu horietan guztietan, Osakidetzak gorpuzkien kausa eta jatorria ziurtatuko duen ziurtagiri medikoa emango du, ezinbesteko baldintza baita lekualdaketa, errausketa edo ehorzketako tramiteak egiteko».
Jaurlaritza eta Osakidetzak, gainera, zenbait konpromiso hartu dituzte anputatutako pertsonak ordezkatzen dituen ANDADE elkartearekin; hala nola «zaurgarritasun bereziko uneetan arreta eta laguntza baldintzak» hobetzeari dagokiona. Lankidetza horri eusteko asmoa agertu dute osasun arduradunek, «osasun asistentzia humanizatzeko» estrategiaren barruan.