Antifaxismo «benetan eraginkorrak» klase perspektiba izan behar duela defendatu dute Gazte Topagune Sozialistan

GKSk eta IASk antolatutako topagunea martxan da Elizondon. Bertzeak bertze, faxismoari aurre egiteko estrategiak izan dituzte hizpide gaur, eta zehaztu dute faxismoaren kontrako borroka ezin dela mugatu ideologia faxistak kritikatzera soilik.

Paul Seijo, Leire Romero eta Ibai Berezibar gaur, Elizondon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paul Seijo, Leire Romero eta Ibai Berezibar gaur, Elizondon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
Elizondo
2026ko urriaren 10a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Militantzian eta kale mobilizazioan oinarritutako antifaxismo bat, herri eta auzoetan, lantokietan, ikastetxeetan, kalean antolatuta egongo dena». Hori da, Mugimendu Sozialistaren ustez pentsaera faxista eta erreakzionarioei aurre egiteko bidea. Areago: beren erranetan, antifaxismo «benetan eraginkorra eta kontsekuentea» izan dadin ezinbertzekoa izanen da klase perspektiba, «gai izango dena krisi kapitalistak sortzen dituen arazo ugarien atzean dauden klase interesak argi azaltzen».

Gazte Topagune Sozialista egiten ari dira egunotan Elizondon (Nafarroa) eta eguneko solasaldietako bat baliatu dute faxismoaz eta horri aurre egiteko estrategiez mintzatzeko: Ildo komunista eta taktika antifaxista. Leire Romero antolakundeko kideak hartu du hitza lehenbiziko: xehe-xehe aztertu du faxismoak betetzen duen funtzio politikoa eta Euskal Herrira ekarri. 

Faxismoaren bi ardatz nagusiak autoritarismoa eta erreakzioa direla erran du; ordea, «indar politiko burges guztiek» bultzatzen dituzte, eta faxismoak horiek bizkortu egiten ditu. «Faxismoaren izateko arrazoia zera da: eraldaketa autoritarioa bizkortu eta ideologia erreakzionarioaren hedapen soziala azkartzea», findu du. Hala, Romeroren erranetan, faxismoa mugimendu politiko gisa «gorpuztu» egiten da, hiru forma barnebilduz: eskuin muturreko alderdiak, koadro antolakundeak edo eragile sozialak eta eskuadrismoa.

Euskal Herrian —bereziki Hegoaldean—, baina, prozesu horren garapena baldintzatzen duten berezitasunak daudela aitortu du Romerok; hala nola, PP edo Vox alderdiek duten «sustraitze urria», krisiaren eragin sozial eta ekonomikoen intentsitate motelagoa eta Mugimendu Sozialistaren zein bertze ezkerreko eragileen presentziak alderdi faxisten «lurreratzea» murriztu izana. 

«Euskal Herriko faxistizazio prozesua alderdi batzuen gorakadan baino, diskurtso erreakzionarioen hedapenean oinarrituko da»

LEIRE ROMERO Mugimendu Sozialista

Berezitasun horiek medio, Euskal Herriko «faxistizazio» prozesuak bi bide izanen ditu, Romeroren arabera. «Batetik, alderdi batzuen gorakadan baino, diskurtso erreakzionarioen hedapenean oinarrituko da: arrazakeria, klasismoa, matxismoa eta espainolismoa». Hedapen hori sare sozialen bitartez eginen dutelakoan dago. Euskal nazionalismoaren «mutazio erreakzionarioa» da bigarren bidea: «EAJren faxistizazioaren aurrean aurkitu gaitezke, Euskal Herrian zabaltzen ari den zentzu komun erreakzionarioak bultzatuta. Eta baliteke alderdi politiko berriren baten agerpena ere ematea, Aliança Catalanaren antzekoa».

Gazte komunistak «erreferente»

Egoera ikusita, mahai gainean eztabaida bat dagoela adierazi du Ibai Berezibar antolakundeko kideak: Nola egin aurre faxismoari?. Bere irudiko, «klase izaerari» erreparatu behar zaio, bi aukera daudelako: estatu autoritarioa edo estatu sozialista. 

«Antifaxismoaren lidergotza langile klasean eta militantzian oinarritu behar dugu; eraginkorra izan behar da, eta horretarako masa dimentsioa hartu behar du. Jende askorengana iritsi gaitezke», zehaztu du. Bide horretan Elizondon bildu diren gazte komunistak «erreferente» izan behar direla nabarmendu du, horiek «klabe iraultzaileetan» politizatzeko gai izan behar dutela, «klase fronte defentsibo handi batetik». 

«Antifaxismoaren lidergotza langile klasean eta militantzian oinarritu behar dugu; eraginkorra izan behar da, eta horretarako masa dimentsioa hartu behar du»

IBAI BEREZIBAR Mugimendu Sozialista

Izan ere, alderdi sozialdemokraten «taktika antifaxista» nagusia «kordoi santiarioa» dela esplikatu du Paul Seijok, eta horrek «porrot» egin duela. «Diskurtsiboki faxismoaren kontra agertu daitezke, baina haien teknika antifaxista nagusia kordoi sanitarioa izan da: faxistak gobernutik kanpo uzteko aritmetika elektoralak egitea». Eta hori ez da faxismoaren hazkundea gelditzeko politika bat, Seijoren erranetan. 

Euskal Herrian ere halakorik badagoela adierazi du, EH Bilduk «kordoi sanitarioaren logika» erabiltzen duela iritzi baitio. «Euste horma gisa aurkezten ari den indarra bera autoritarismoaren garapenean parte hartzen ari da. Euskal Herriko ongizate maila eta posizio ekonomikoa mantentzeko estrategia bat daramate, eta horretarako EAJrekin fronte bateratu bat eratzeko apustua egin dute», adierazi du. Horrek, baina, Euskal Herriko klase ertainaren eta burgesaren interesak herri osoaren interes gisa kokatzea erran nahi du, Seijok zehaztu duenez. 

Gazte Topagune Sozialista egiten ari dira Elizondon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gazte Topagune Sozialista egiten ari dira Elizondon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Aitortu du sozialdemokraziak lagundu egin duela faxismoaren inguruko kontzientzia eta kezka soziala agenda politikoaren erdigunean kokatzen, baina erran du nabarmena dela sozialdemokraziak «bere gabeziak ezkutatzeko eta bere botanteak mobilizatzeko» erabiltzen duela faxismoa. Eta hor kokatu du aukera politikoa: «Hemen faxismoak hedapen mugatua izan badu ez da sozialdemokraziaren kordoi sanitario batengatik izan, kalean antifaxismoak izan duen eta duen indarragatik baizik. Eta gure ardura da horren lekukoa hartzea. Gure ardura da dinamika politiko berri bat sortzea, iraganetik ikasita, baina esperientzia horiek gaurko baldintzetara egokituta eta hobetzen saiatuta».

«Gure ardura da dinamika politiko berri bat sortzea, iraganetik ikasita, baina esperientzia horiek gaurko baldintzetara egokituta eta hobetzen saiatuta»

PAUL SEIJO Mugimendu Sozialista

Seijok erran duenez, bide horretan antolakunde integralak beharrezkoak izanen dira, eta sinetsita daude komunistak lehenbiziko urrats garrantzitsuak ematen hasi direla. «Besteak beste, Euskal Herrian, eta beste hainbat txokotan ere bai, mugimendu extraparlamentario nagusia izatea lortu dugu».

Izan ere, uste dute Euskal Herrian badaudela baldintzak «klase antifaxismo» bat, antikapitalista eta kalekoa, hegemoniko bihurtzeko. Eta borroka antifaxista hori bera izanen da proiektu sozialista zabaldu eta langile klasea antolatzeko aukera politikoa, Seijoren erranetan. «Horixe da klase antifaxismoaren zentzua: faxismoari aurre egitea, baina faxismoa posible egiten duen gizartearen aurrean alternatiba iraultzailea eraikiz».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA