Bilboko kuartel militarra itxi, bota, eta eremu horri erabilera zibila eman. Hori da Bota Kuartela taldeko antimilitaristen proposamena, eta horixe bera irudikatu dute gaur Bilbon egin duten performancean. Hain zuzen, ekintzaile bat eraisketa enpresa bateko ordezkari gisa agertu da, eta Espainiako armadaren kuarteleko sarreran «obrak direla-eta itxita» idatzia duen kartela jarri du, eta eraikinaren itxiera sinbolikoa irudikatu. Bertze ekintzaile batek eremu horri emanen lioketen erabilera zibil berriaren lehenbiziko harria jarri du; eta, azkenik, bertze batek arbola bat landatu du, «sortu nahi den etorkizuneko lekuaren sinbolo gisa».
Ekintzaileek erran dutenez, Bilboko gobernu militarrak betetzen duen lekua berreskuratzea da beren helburua, eta, ondoren, eremu hori Irala auzoan eta Bilbon bizi diren herritarren beharrak asetzeko erabiltzea. Hala, performancea egin eta gero, eremu horri eman ahal dioten erabilerari buruzko proposamenak zerrendatu dituzte; bertzeak bertze, parke bat, auzo baratze bat edo «ondo bizitzeko» kultura zentro bat.
Izan ere, taldeko kideek uste dute gaur egun «gerraren kulturari» eskainitako gune horri «erabilera alternatiboa» eman ahal diotela. «Gerra hemen hasten da, geldi dezagun hemen!», borobildu dute.