Azken ordukoa

Antton Troitiño ez estraditatzea erabaki du Erresuma Batuko Justiziak

Epaileak esan du atxilotze agindua ez dela balekoa.

Antton Trotiño 2011n aske geratu zenean, 24 urtez preso egon ostean. BERRIA
jon ordonez garmendia
2014ko urriaren 17a
13:33
Entzun

Erresuma Batuko Justiziak Antton Troitiño ez Espainiaratzea erabaki du. Emma Arbuthnot epaileak ez dio onartu estradizio eskaera Auzitegi Nazionalari, argudiatuz hura atxilotzeko eman zuen agindua ez dela balekoa. Espainiak zazpi eguneko epea du helegitea aurkezteko, eta bitartean baldintzapean aske izango da Troitiño.

Espainiako Justiziak ezarritako espetxe zigorra osorik beteta, aske geratu zen Troitiño 2011n. 24 urte egon zen kartzelan preso donostiarra. Atera eta bost egunera, ordea, Parot doktrina ezarri eta zigorra 2017ra arte luzatu zioten. Trotiño atxilotzen saiatu ziren orduan, baina ez zuten aurkitu.

2012ko ekainean atxilotu zuten, Londresen euroagindua betez, eta preso izan zuten iazko urrira arte. Auzitegi Nazionalak estradizio eskaera egin zuen orduan, baina, hori bideratzen ari zirela, Estrasburgok bertan behera utzi zuen Parot doktrina, eta Espainiaratzeko eskaera bera ere bertan behera geratu zen, hori zuelako oinarri.

Egoera horretan, iazko urritik baldintzapean egon zen aske horregatik Troitiño, baina aurtengo otsailean berriro atxilotu zuten, Espainiaren aginduz. Auzitegi Nazionalak zioen ETAn zela berriro, eta Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak CGI Espainiako inteligentzia zerbitzuen txosten batean oinarritzen zirela zehaztu zuen.

Atxiloketa txalotu egin zuen Fernandez Diazek Madrilen, eta Erresuma Batuak emandako erantzuna "eredugarria" izan zela esan zuen. "Atxiloketa honek frogatzen du Espainiako Gobernuan ez dela su-etenik". Atxilotu eta hiru egunera utzi zuten aske, ordea, baldintzapean.

Londresen lehen aldiz atxilotu zutenean bere eskutan agiri faltsuak aurkitu zituztela zioen Auzitegi Nazionalak, eta errefuxiatuen kolektiboarekin lotu zuten. Troitiñok estradizioa erabakitzeko saioan azaldu zuen Espainiatik ihes egiteko eman zizkiotela ezezagun batzuek, eta salatu zuen Parot doktrina atzera eraginkortasunez nahi ziotela ezarri.

Defentsak gaineratu zuen Espainia itsututa dagoela Trotitiñorekin eta estraditatuz gero Madrilen ez lukeela epaiketa justu bat izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.