PSOEko militante ohi Leire Diez eta SEPI Espainiako Industria Partaidetzarako Estatu Sozietateko presidente ohi Vicente Fernandez atxilotu zituzten operazio berean atzeman zuten asteazkenean Antxon Alonso enpresaria ere. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiaren aginduz atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta, auzia sekretupean den arren, Cerdan auziaren itzala nabari da. Hain zuzen, Servinabar enpresaren jabea da Alonso, eta Fernandezek harentzat egin zuen lan.
Jakin denez, Guardia Zibileko UCO Unitate Operatibo Zentraleko agenteek Antonio Piña Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz atxilotu dituzte hiru lagun horiek, ustelkeriaren kontrako fiskaltzarekin egiten ari den ikerketa bat dela tarteko. Ikerketa sekretupean dago, baina zenbait hedabidek argitaratu dute kontratazio publikoetan izandako ustezko ustelkeria kasuak ikertzen ari direla, eta atxilotuei prebarikazioa, dirua bidegabe erabiltzea, influentzia trafikoa eta antolakunde kriminal bateko kide izatea egozten dietela. Izan ere, Guardia Zibilaren bertsioaren arabera, SEPIren hainbat kontratazio publikotan parte hartu zuen Servinabarrek.
Larunbatean igaroko dira hiru atxilotuak epailearen aurretik, eta hark erabakiko du haien kontrako neurririk hartuko ote duen: behin-behinean espetxeratu edo aske utzi, kautelazko neurriekin edo gabe.
Gainera, ikerketako iturriak aipatuz, EFE albiste agentziak argitaratu du gaur hemeretzi miaketa edo informazio eskaera egin dituela Guardia Zibilak. Miaketak Nafarroan egin dituzte, baita Madrilen, Sevillan eta Zaragozan ere, besteak beste, ustez Servinabarrekin loturaren bat duten zenbait enpresaren egoitzetan eta etxebizitzetan. Azaldu dutenez, Forestalia, Conaudire eta Cemsal enpresen egoitzak miatu dituzte. Era berean, iturri horien arabera, Poliziak informazioa eskatu die SEPI, Sepides, Enusa eta Mercasa enpresa publikoei. Enusaren kasuan, miaketa bat ere egin dute. Enpresa publiko hartan lanean aritu zen Diez.
Ez da Servinabarri lotutako enpresetan miaketak egiten dituzten lehen aldia. Azaroan, UCOk Acciona enpresaren Bilboko egoitza eta Noran eta Erkolan enpresen Donostiako egoitzak miatu zituen. Orduko hartan, baina, Auzitegi Goreneko Leopoldo Puente epailearen aginduz egin zuten hori. Azaldu zutenez, diligentzia haiek Cerdan auziari lotuta irekitako pieza sekretu baten parte ziren. Beraz, izatez, atzoko atxiloketak ez dira auzi beraren parte, azken horiek Auzitegi Nazionalak agindu baitzituen.
Servinabar, jomugan
Auzitegi Gorenak besteak beste PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdanen eta Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro ohiaren kontra martxan duen auziaren erdian dago Servinabar enpresa. Alonso da haren jabea, baina Guardia Zibilak Santos Cerdani ere egotzi dio haren jabetzaren parte izatea. Horretarako argudio gisa, ekainean Alonsoren etxean egindako miaketa batean aurkitutako paper bat aipatu du. Bertan, adierazten da politikari ohia enpresaren %45aren jabea dela. Cerdanen defentsak, baina, ukatu egin du hala denik, adierazita agiri hori pribatua dela, eta ez duela legezko baliorik.
Hala, auzia PSOErekin lotu nahi izan dute. Batetik, Cerdanen eta Alonsoren arteko harremanagatik. Hain zuzen, Alonso ikertzen ari da Auzitegi Gorena ere, Cerdanen auzi berean. Guardia Zibilaren arabera, Servinabarren bitartez, Cerdanek Acciona enpresak eskuratzen zituen adjudikazioen %2a bereganatzen zuen.Â
Bestetik, Fernandez Maria Jesus Montero Espainiako presidenteordearen gertuko pertsona izan zelako. Hark jarri zuen Fernandez SEPIko presidente karguan, baina dimisioa eman behar izan zuen adjudikazio batean ustez iruzurra egiteagatik; absolbitu egin zuten. Gerora, Servinabarrentzat lan egin zuen.
Eta, azkenik, Diez alderdiko militante izan delako. Diezi, beste auzi batean, zera egozten diote: epaile, fiskal, Guardia Zibilaren UCOko kargudun eta kazetari batzuei buruzko informazioa eskuratzeko ahaleginetan aritu izana. Diezek, alderdi sozialistako militante izateaz gain, zenbait kargu izan zituen Enusa eta Correos enpresa publikoetan.