Koldo auziarekin lotutako ikertuak deklaratzen ari dira oraindik, eta, gaur, Acciona multinazionaleko kontseilari Fernando Merinok eta Nafarroako Servinabar enpresaren jabe Antxon Alonsok deklaratu dute Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Leopoldo Puenteren aurrean. Epaileak jakin nahi zuen Alonsok zer zuen esateko Guardia Zibilaren UCO atalak Alonsoren beraren etxean atzeman zuen kontratu baten inguruan; izan ere, kontratu horren arabera, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia Servinabar enpresaren %45en jabe da. 6.000 euroren truke erosi ei zuen, UCOren txostenean azaltzen denez. Alonsok bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun die.
Bada, Alonso enpresariak ukatu egin du hori: ordubete inguru iraun du haren deklarazioak, eta Alonsok bat egin du joan den astean Santos Cerdanek emandako azalpenarekin. Esplikatu du agiri hori etxean zuela ahaztuta, ez ziolako baliorik ematen. Cerdan politika uztekotan zegoenean egin zuten kontratu hori biek, 2016an, Servinabar zerbitzu enpresa bat zenean, eraikuntza alorretik kanpoa. Hala azaldu du enpresaren jabeak; baina, kontratu hori egin eta gero, Cerdanek politikan jarraitzea erabaki zuen, eta adostu omen zuten hitzarmena hautsi egingo zela. Cerdanek bere kopia deuseztatu zuen, baina Alonsok ez, ahaztuta nonbait, eta UCOk haren etxean aurkitu zuen Cerdan Koldo auziaren ustelkeriarekin bete-betean lotzeko giltzarritzat jotzen den agiria. Alonsok epaileari esan dio kontratu horrek ez duela balio ez zutelako notario batenera eraman eta, beraz, ez zutelako publiko egin.
Non dago dirua?
Cerdanek azalpen hori bera eman zion Puente epaileari joan den astean: ez dela Servinabar enpresaren %45en jabea, alegia. Servinabar enpresak, Accionarekin akordioa egin, eta ABLE baten bidez Nafarroako zenbait eraikuntza kontratu lortu ditu azken urteotan, horietako garrantzitsuena Belateko tunelekoa; 80 milioi euro baino gehiagoren kontratuak izan dira. Acciona multinazionaleko kontseilari Fernando Merinok epaileari esan dio Nafarroako Gobernuko eraikuntza obra handien adjudikazioak lortzeko «ezinbestekoa» zela Nafarroako enpresa batekin batera aritzea.
Edonola ere, bai Alonsok eta bai Merinok ukatu egin dute legez kontrako komisioak eman izana obra horiek lortzearen truke. Alonsok onartu du, ordea, ordainketak egin zizkiola Koldo Garciari, Jose Luis Abalos Sustapen ministroaren aholkulariari, baina gehitu du Garciak Servinabarrentzat komisio hartzaile gisa lan egiten zuelako egin zizkiola ordainketa horiek. Halaber, aitortu du dirua eman ziola Abalosen alaba baten fundazio bati ere, baina azaldu du beste zenbait gobernuz kanpoko erakunderi ere laguntzak eman dizkiela, alor fiskalean lagungarria zaiola.
Hala Alonso nola Merino aske utzi ditu Puente epaileak. Kautela neurriak ezarri dizkie: Espainiako Estatutik ateratzeko debekua, eta bi astetik behin epaitegian azaltzeko betebeharra. Epaile horrek berak, baina, Cerdanen azalpenak ez zituen ontzat eman joan den astean, kartzelara bidali baitzuen, bermerik gabe. Guardia Zibilaren UCO atalak egindako txostenaren tesiak bere egin zituen Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak, eta urrunago joan zen, ebazpenean aipatu baitzuen balitekeela Cerdanek, Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministro ohiak eta Koldo Garcia haren aholkulariak gutxi gorabehera bost milioi euroren legez kanpoko komisioak banatu izana Koldo auziaren barruan. Halere, Cerdanen espetxeratzeko baino ez du agindu, eta Abalos eta Garcia aske utzi ditu deklaratu ondoren. Batera edo bestera, oraingoz ez UCOk ez epaileak ez dute jakinarazi ustelkeria auzian ustez nahastutakoen diru hori non dagoen.
Sanchezen azalpenak
Asteazkenean, Espainiako presidente Pedro Sanchezek agerraldia egingo du Espainiako Kongresuan, eta haren gobernuari oraindik zutik eusten dioten bazkideak zain-zain daude jakiteko zer esango duen. Besteak beste, EAJk eta EH Bilduk jakin nahi dute Sanchezek ustelkeriaren aurkako zer-nolako neurriak proposatuko dituen.
Legealdiak aurrera egiteko zenbateko aukerak dauden ikusteko oinarrizkoa izango da Sanchezen agerraldia. EH Bilduk eta EAJk garbi esan dute jada ez duela balio esatea PSOEren ondotik agertuko dena okerragoa dela, alegia, PPren eta Voxen gobernu bat izatea okerragoa dela. Abertzaleek gardentasuna eta garbitasuna nahi dituzte Espainiako Gobernuaren kudeaketan, eta, horretarako, ustelkeriaren aurkako neurri zehatzak proposatzen entzun nahi dute Sanchez.
Horrez gain, estatu plurinazional baten aldeko benetako urratsak egiteko eskatu dute. Modu horretan, Sanchezek bazkideen babesa lortuko luke, beharbada, 2027ra iristeko. Edonola ere, Koldo auziaCerdan auzia bihurtu da, eta, azkenerako, PSOEren legez kontrako finantzaketa auzi bihurtuko balitz, egungo gobernuaren bideragarritasuna hutsaren hurrengoa litzateke.