Gasteizen izan da EAEko Gobernuaren ezohiko bilera, eta Espainiako Kongresuan atzo egindako EAErako Estatutu Proposamenaren inguruko eztabaida aztertu dute. Ibarretxek azaldu duenez, "atzo euskal gatazka konpontzeko aukera historikoa galdu zen. Espainiako Kongresuak gatazka konpontzeko euskal gizarteak luzatu zion eskuari muzin egin zion. Elkarrizketari ezetz esanda, ez dira gatazkak konpontzen".
Ibarretxe PPri eta PSOEri zuzendu zaio. "PP-PSOE ituna euskal gizartearen borondatearen aurkako ituna da. Raxoik eta Zapaterok euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea ukatzen dute. Raxoik eta Zapaterok ezin dute euskal gizartearen borondatea ordezkatu".
Herriari hitza emango diola adierazi du Ibarretxek. "Espainiako Kongresuak Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako egitasmoari buruz negoziazioa zabaltzeari ukatu ostean, herriari hitza emango niola esan nuen, eta hala egingo dut. Hitzaren ordua da, euskal gizartearen ordua. Euskal gizarteak hitz egin behar du, eta bere borondatea errespetatu".
politika
Apirilaren 17an izango dira EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek jakitera eman duenez, "apirilaren 17an izango dira EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeak". Hauteskundeetan ez dadila inolako debekurik egon eskatu dio Ibarretxek Espainiako Gobernuko lehendakari Jose Luis Rodriguez Zapaterori. "Guztiok izan behar dugu parte hartzeko aukera. Inor ezin da kanpoan gelditu, guztiok dugu ordezkatuak izateko eskubidea. Herritarrak dira proiektu politikoak epaitu behar dituztenak".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu