Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak Mugikorrik Gabeko Egunaren lehenengo aldia egingo du apirilaren 18an, larunbatean, Bilboko Casilda Iturrizar parkean, Donostiako Okendo plazan eta Gasteizko Urrezko Zeledonen plazan. Toki horietan egokitutako guneetan, sakelako telefonoa ordu batzuez alde batera utzi, eta, denbora tarte horretan, hitz egiteko, jolasteko, elkarri entzuteko eta familian gozatzeko aukera egongo da, 11:00etatik 19:00etara bitartean.
«Bizi garen mundu hiperkonektatuan, sakelako telefonoa gure eguneroko bizitzaren parte da. Informazioa ematen digu, konektatu egiten gaitu eta zeregin asko errazten dizkigu. Baina batzuetan, konturatu gabe, hurbilen ditugunengandik urrundu ere egiten gaitu», ohartarazi du Nerea Melgosa sailburuak.
Azaldu duenez, «Mugikorrik Gabeko Egunak etenaldi kontziente eta borondatezkoa proposatzen du telefonoaren erabileran, teknologiaren erabilera orekatuagoa, arduratsuagoa eta osasungarriagoa sustatzera bideratuta».
Sakelako telefonoak zainduta egongo den poltsa seguru batean uzteko aukera izango dute familiek, nahi beste denboran
«Kontua ez da digitalizazioa eta aurrerapen teknologikoak zalantzan jartzea, baizik eta pertsonak erdigunean jartzea, gailuekiko harreman kontzienteagoa sustatzeko eta lotura sozialak, topaketa komunitarioa eta erabateko arreta indartzeko», gehitu du Melgosak.
Herritar guztientzat
Apirilaren 18ko jarduerak doakoak izango dira, eta familia guztiei —seme-alabak dituztenei eta umerik gabekoei— zuzenduta egongo dira. «Erritmoa jaistea, eskuko telefonoa ordu batzuez alde batera uztea eta tarte hori aprobetxatzea da helburua: hitz egiteko, jolasteko, elkarri entzuteko eta familian gozatzeko, pantailarik gabe».
Hori guztia, modu askean eta norberaren borondatez, erronka txiki bat onartuz: sakelako telefonoak zaindutako poltsa seguruetan uztea ordu batzuetan. Poltsa horiek Bilboko Casilda Iturrizar parkean, Donostiako Okendo plazan eta Gasteizko Urrezko Zeledonen plazan jarritako guneetan egongo dira, tarte batez telefonorik gabe egoteko eta ohitura digitalei buruz hausnartzeko.
Gune horiek 11:00etatik 19:00etara egongo dira zabalik, etenik gabe, eta nahi duten familiek teknologiaren erabilera kontzienteago baten aldeko konpromisoa adierazi ahal izango dute, Familia konpromisoa izenekoa sinatuz.
Horren bidez, parte hartzaileek hainbat proposamenekin bat egiteko aukera izango dute: sakelakoari baino gehiago, familiari lehentasuna ematea; teknologiaren erabilera arduratsuaren eredu gisa hartzea; familian pantailarik gabeko jarduerak sustatzea; eta sakelako telefonoari erabilerari buruzko «familia akordio argiak» ezartzea.
Hala nahi duten familiek teknologia modu kontzienteagoan erabiltzeko konpromisoa adierazi ahal izango dute, 'Familia konpromisoa' izeneko agiria sinatuz
Gainera, egun horretarako egokitutako guneetan langile kualifikatuak egongo dira, «familian eta komunitatean esku hartzeko, eta euskaraz eta gaztelaniaz aritzeko gai direnak, konfiantza giroa sortzeko eta dinamikak Euskadin dauden familia errealitateen aniztasunera egokitzeko». Jaurlaritzako iturrien arabera, laguntza hori «ezinbestekoa» izango da «informazio esanguratsua ateratzeko», sakelakoaren erabilerari buruzko pertzepzioak hautemateko eta bizikidetzan duen eraginaz jabetzeko.
Bi opari
Parte hartzaileek bi opari jasoko dituzte, «familien inplikazioa indartzeko eta etxean ikasten jarraitzea errazteko». Batetik, oihal pertsonalizatuko poltsa berrerabilgarri bana eramango dute etxera, konpromisoa onartzean eskuko telefonoak sartzeko erabiliko dena eta erronkaren hasiera irudikatuko duena.
Bestetik, sakelako telefonoentzako euskarri bat —kutxa edo antzeko beste gailu bat— oparituko diete, esperientzian parte hartu eta behin etxera itzulita, etxeko kide guztien sakelako telefonoak bertan uzteko eta deskonexio digitalaren praktika berriz egiteko.
«Ekintza horiek zera dute helburu, sakelakoaren erabilerari buruzko familia gogoeta sustatzea, kideen arteko komunikazioa hobetzea eta etorkizuneko politika publikoak diseinatzeko ikaskuntza erabilgarriak sortzea», zehaztu dutenez.