Aquiles Cuadra alkate ohiaren kontrako epaia baliogabetzeko eskatu du Tuterako Udalak

Frankistek, heriotza zigorra ezarri, eta fusilatu egin zuten 1939an. Erabakia aho batez hartu dute udal talde guztiek.

Tuterako udaletxea, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Tuterako udaletxea, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko urriaren 21a
10:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tuterako Udalak (Nafarroa) eskatu du baliorik gabe uzteko Aquiles Cuadra de Miguel Tuterako alkate errepublikano izandakoaren kontrako epaia. Cuadra alkate izendatu zuten 1932ko otsailaren 17an, eta ardura horretan iraun zuen 1934ko ekainera arte. Espainiako armada matxinatu ostean, hura atxilotu, heriotza zigorra ezarri, eta 1939ko urriaren 19an fusilatu zuten frankistek, Iruñean.

Tuterako udal talde guztiek bat egin dute Zurekin Tuterak aurkeztutako proposamenarekin, eta Espainiako Gobernuari eskatu diote baliorik gabe utz dezala Cuadraren kontrako auzibidea eta hari ezarritako zigorra. Halaber, Cuadraren familiak egindako eskaera sustatuko dute, eta neurriak hartuko dituzte onartutako erabakia gizarteratzeko.

«Urte askoan, frankismoaren biktimek isiltasunean eta beldurrak eragindako ostrazismoan bizi izan dute euren mina», azaldu du Tuterako Udalak. «Bada garaia lapurtutako justizia eta duintasuna berreskuratzeko». Udalaren iritziz, Cuadrari eta frankismoaren biktima guztiei egindako «aintzatespen eta erreparazio keinu bat» da proposamenaren inguruko adostasuna.

Joan den astean, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak eskaera egin zien Tuterako eta Iruñeko udalei: «Egoki iruditzen zaien moduan ekinaldi instituzional bana egin dezatela Aquiles Cuadra de Migueli beharrezko konponketa emateko eta haren duintasuna berreskuratzeko». GEBehatokiak bat egin du Cuadraren familiaren eskaerarekin, eta Espainiako Gobernari galdegin dio legez kanpokotzat jotzea Tuterako alkate ohiaren kontrako auzibidea eta heriotza zigorra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.