Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola jangeletan greba egiteko deia berritu du ELAk

Martxoaren 10, 11 eta 12rako egin du deialdia, asteon egin dituzten grebetan plazaratutako kexei begira patronalak neurririk ez duela hartu argudiatuta: «Aldarrikapenek erantzunik gabe jarraitzen dute».

Eskola jangeletako langileak protestan, asteon. BERRIA
Eskola jangeletako langileak protestan, asteon. BERRIA
arantxa iraola
2026ko otsailaren 27a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Negoziazio mahaian aurrerapausorik ez dagoenez, ELAk beste greba deialdi bat erregistratu du». Gaur arratsaldean egin du jakinarazpena sindikatuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jangeletan irekita dagoen lan gatazka hizpide hartuta. Eta zehaztu du noiz izango diren hurrengo hiru greba egunak: martxoaren 10, 11 eta 12an. 

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, hiru greba egun egin dituzte asteon sektoreko langileek, eta hainbat mobilizazio egin dituzte. ELAk gaur esan du, ordea, patronalak ez dituela aintzat hartu langileek mahai gainean jarri dituzten eskariak: «Aldarrikapenek erantzunik gabe jarraitzen dute». Adierazi du KPIaren araberako soldata igoera, esaterako, bermatzeko dagoela. Salatu du, halaber, «ratioen, lan kargen eta gutxieneko lanaldien inguruan» konponbidea lortzeko urratsik ez dela egin. 

«Seriotasunez» negoziatzeko eskatu dio ELAk patronalari. Eskabidea egin dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ere: lan gatazka honetan «erantzukizuna» duela gogoratu dio, eta aurrerabideetan lagundu behar duela. Ororen buruan, langileen aldarrikapen nagusia da indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa betetzea. Atzo LABek ere, grebaren balorazioan, Jaurlaritzak auzian duen zeregina nabarmendu zuen. «Benetako prozesu bat ireki behar du eskoletako jantokien araudia aldatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.