Jaurlaritza hilaren 17an batzartuko da EH Bildu, PP eta Sumarrekin, aurrekontuak negoziatzeko

Gobernuak «adostasuna zabaldu» nahi du, baina D'Anjou Ogasun sailburuak ez du ezkutatu «zailtasunak» ikusten dituela. Arabako Aldundiak, berriz, etzi onartuko du aurrekontu proiektua, eta oposizioaren babesa lortzen saiatuko da ondoren.

Jaurlaritzako Ogasun sailburu Noel D'Anjou. FOKU
Jaurlaritzako Ogasun sailburu Noel D'Anjou. FOKU
xabier martin
2025eko azaroaren 11
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdi biek, EAJk eta PSE-EEk, 2026ko aurrekontuak onartzeko gehiengo osoa daukate Eusko Legebiltzarrean, baina gehiengo hori zabaltzen saiatuko dira, oposizioko talderen baten babesa lortuta; helburu horrekin, Jaurlaritzak bilerak egingo ditu EH Bildurekin, PPrekin eta Sumarrekin hilaren 17an.

Hala eman du jakitera Ogasun sailburu Noel d'Anjouk gaur. 2026rako aurkeztu dituzten kontuak «hobetzeko borondatez» joango dira batzar horietara exekutiboko ordezkariak, «adostasuna zabaltzeko», baina D'Anjouk ez du ezkutatu «zailtasunak» ikusten dituela helburu hori bete dadin. Izan ere, aurreko urtearekin alderatuta egoera bestelakoa dela sumatzen du Ogasun sailburuak, sail bakoitzaren aurrekontuak aurkezteko batzordeetan oposizioak «esandakoak» aintzat hartuta.

«Iaz, alderdi politikoek esan zuten prest zeudela esertzeko eta akordioak lortzeko. Aurten, badira antzeko adierazpenak, baina esan dira beste gauza batzuk ere, eta ez dakit prest ote dauden akordioak erdiesteko». D'Anjouk ziurtatu du gobernuak beste taldeen ordezkariei entzun nahi diela, jakiteko zeintzuk diren haien lehentasunak, baina berriro adierazi du: «Kasuren batean baliteke zailtasun handiagoak izatea adostasuna lortzeko».

Iaz, azkenerako, gobernuko bazkideen botoekin soilik onartu zituen 2025eko aurrekontuak Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSEren botoekin, alegia; bada, 2026rako kontuen negoziazio tartearen hasieran, Ogasun sailburuak «zailtasunak» ikusten ditu jada.

Ramiro Gonzalez, artxiboko argazki batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ramiro Gonzalez, artxiboko argazki batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Araban, oposizioaren zain

Arabako Foru Aldundiak, berriz, ez du oposizioko taldeen babesik 2026rako aurrekontuak onartzeko, baina EAJk eta PSE-EEk gutxiengoan osatzen duten gobernuak ostegun honetan onartuko du aurrekontu proiektua, gobernu kontseiluak egingo duen ezohiko saio batean. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak helarazi duenez, ez dute lortu akordiorik egitea ez EH Bildurekin, ez PPrekin, ez eta Elkarrekin-ekin ere, baina espero du babes handiagoa lortuko dutela aurrekontu proiektua onartu ondoren. Hau da, Gonzalezen gobernuak negoziazio epe bat ireki du 2026rako aurrekontuak Batzar Nagusietan onartu daitezen. 

«Hurrengo astean» akordioren bat itxi nahiko luke ahaldun nagusiak, baina halakorik gertatuko balitz, jadanik Arabako Aldundiak onartutako proiektuaren gaineko negoziazio baten ostean izango litzateke. «Bi egun falta dira ezohiko gobernu kontseilurako, eta litekeena da oposizioaren babesik gabe onartzea, baina horrek ez du esan nahi ondoren akordioren bat ezin denik egin, oposizioak aukera izango baitu bakoitzaren lehentasunak zein diren adierazteko, proposamenak aintzat har daitezen».

Gonzalezek esan du 2026rako aurrekontuen prozesuaren «hastapenean» dagoela foru gobernua. «Bilera batzuk egin ditugu, baina ez dago oposizioko talderik aurrekontuen kontuarekin buru-belarri jarri dena». Hala ere, ahaldun nagusiak ez du baztertu gobernuak nolabaiteko babesa lortzea azkenean.

(ID_14426115) EVA LOPEZ DE ARROIABE
Eva Lopez de Arroiabe eledun bilkidea Arabako Batzar Nagusietan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

EH Bilduren lehentasunak

EH Bilduk adierazi du «borondate irmoa» duela Foru Aldundiarekin 2025erako adostutako aurrekontu akordioari «jarraipena emateko». «Borondate sendoa dugu iaz ireki genituen lan ildoetan sakontzeko. Ez dakit astea amaitu baino lehen akordiorik lortu ahal izango dugun, baina zuzenketak aurkezteko prozesuan negoziatzeko eta adosteko denbora egongo da», nabarmendu du Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko bozeramaileak Arabako Batzar Nagusietan.

Akordioa zertarako? Horri buruzko azalpen oso argiak eman ditu eledun bilkideak, eta aukeratu beharra dutela esan die EAJri eta PSEri: «EH Bildu ez da egongo muturreko eskuinak eta eskuin muturrak Arabako politikaren norabidea markatzen duten akordioetan. EAJk eta PSEk ezin dituzte Alderdi Popularraren politikak normalizatu. Gure eskua luzatuta dago, baina hemen bi aukera baino ez daude: PPrekin atzera egitea edo etorkizunari begiratzea EH Bilduren eskutik», gaineratu du Lopez de Arroiabek.

Gipuzkoa eta Bizkaia

Gipuzkoan ere, aurrera doa 2026rako aurrekontuak onartzeko prozesua. EH Bilduk agerraldia egingo du bihar, kontuei buruz akordio bat lortzeko bete beharko liratekeen baldintzen inguruan.

Bizkaiko Foru Aldundiak ere aurkeztu du 2026rako aurrekontuen proiektua, eta EAJk eta PSE-EEk Batzar Nagusietan duten gehiengo osoa baliatuta onartuko dute. Ikusteko dago iaz bezala aurten ere gehiengo hori zabalduko ote den. Izan ere, 2025eko kontuek EH Bilduren babesa lortu zuten negoziazio baten ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.