Arabako esku hartze sozialeko langileak: «Ikusezin bihurtu gaituzte, eta prekarizatuta gaude»

Beren lan baldintzak langile publikoenekin parekatzeko exijitu diote administrazio publikoari. Zaintza lanen pribatizazioa eta soldata arrakala salatu dituzte.

Arabako esku hartze sozialeko langileen ,aldundiaren parean. ELA SINDIKATUA
Arabako esku hartze sozialeko langileen protesta, aldundiaren parean. ELA SINDIKATUA
edurne begiristain
2025eko azaroaren 14a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako esku hartze sozialeko langileek protesta egin dute foru aldundiari exijitzeko euren lan baldintzak hobetzeko. Arabako aurrekontuak negoziatzen ari dira alderdiak, eta esku hartze sozialeko beharginek «erantzukizuna eta errespetua» eskatu diote aldundiari, diru kontuetan lehentasunak ezartzerakoan zaintza sistema publikoa aintzat har dezan. Izan ere, salatu dute funtsezko sektore bateko langileak izanik ere ez daudela behar bezala aitortuak: «Ikusezin bihurtu gaituzte, eta prekarizatuta gaude».

Gogoratu dute administrazio publikoetako langileek egiten duten lan bera egiten dutela, baina zerbitzua pribatizatu egin dutela eta horrek «prekaritatea» iraunarazi duela, baita sektorean «desberdintasun sakonak» eragin ere. Soldata arrakalaz, ohartarazi dute kategoria batzuetan urtean 16.000 eurotik gorakoa dela aldea. Horregatik, langile publikoen baldintzekin parekatzeko eskatu dute.

Gaur-gaurkoz, bi aldeen arteko jarrerak oso urrun daude. Azaroaren 12an izan zuten azken bilera patronalarekin, baina hark aurkeztutako proposamena ez dela aski salatu dute ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek. Gainera, esan dute aldundiaren aurrekontu proiektuak ez duela jasotzen sektore publikoarekin parekatzea ahalbidetuko duen proposamenik, eta sektoreko hitzarmen berrirako gorde den 800.000 euroko diru saila ez dela nahikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.