Kultura

Arabako Foru Aldundiak Iruña-Veleia kasuarekin zerikusia dutenen aurkako salaketa jarri du

2009ko martxoaren 24a
18:33
Entzun
Iruña-Veleia kasuan delitu zantzuak daudela ikusi eta gaur goizean Gasteizko auzitegiko guardiako epaitegietan salaketa jarri du Arabako Foru Aldundiak. Arabako kultura ondarearen aurkako ustezko delituarekin zerikusia duten pertsonak kereilatzeko nahikoa zantzu dituztela jakinarazi dute.

"Aldundiaren iritziz egokia da gai honetan aktiboki jardutea, bide penaletik joz, gertatutako guztiagatik bereziki eta zuzenean kaltetua izan delako", adierazi du Lorena Lopez de Lacalle Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak. Edonola ere, Aldundiak ez du jakinaraziko salaketa zehazki noren aurka jarri duen. Lopez de Lacalle diputatuak azaldu duenez, une honetan abian jartzen den prozesua modu arduratsuan errespetatu nahi dute, beraz, ez dute horrelako daturik emango.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak Iruña-Veleiako aztarnategia aldi baterako betetzeko baimena baliogabetzeko espedientea itxi du. Administrazio prozedura hau 2008ko azaroaren 19an abiarazi zuten. Gainera, Aldundiak Lurmen SLri 8 eguneko epean bere gauzak aztarnategiko instalazioetatik ateratzea eskatu dio.

Izan ere, iazko azaroan Veleiako aztarnategian agertutako idazkunak "faltsuak" zirela ondorioztatu zuen Arabako Aldundiak osatutako batzorde zientifikoko kideek. Adituek erabat baztertu zuten aztarnategian aurkitutako ostraka multzoa Kristo ondorengo III. eta IV. mendekoak zirela. Horien ustez, aurkikuntza horiek "gezurrezkoak" dira eta idazkunak "manipulatuta" daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.