Arabako landa eremuan greba egin dute «kalitateko lehen arreta eske»

Elkarretaratzeak eta manifestazioak egin dituzte, «lan baldintza duinak» aldarrikatzeko

Landa eremuko langileen, sindikatuen eta Osasun Publikoa Aurrera-ren elkarretaratzea Txagorritxu ospitalean. AITOR BIAIN.
Ion Orzaiz - Aitor Biain
Gasteiz
2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Arabako landa eremuko osasun langileek greba egin zuten atzo, «kalitateko lehen arreta» eta «lan baldintza duinak» aldarrikatzeko. Sektoreko sindikatu guztiek egina zuten lanuzterako deia: SATSEk, SMEk, ESK-k, LABek, UGTk, CCOOk eta SAEk, alde batetik; eta ELAk, bestetik. Horiez harago, baina, Osasun Publikoa Aurrera plataformak ere bat egin zuen deialdiarekin. 10:00etatik aurrera elkarretaratzeak egin zituzten Ozetako, Araiako, Aguraingo eta Dulantziko osasun zentroen eta Izarrako anbulatorioaren aurrealdean;12:30ean, berriz, protesta bateratua egin zuten Gasteizen, Txagorritxuko ospitalearen parean. Hortik, manifestazioa egin zuten Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiraino.

«Aldarrikatzen dugu orain arteko lanari, orain arteko antolaketari eta orain arteko arretari eustea», azaldu zuen Mati Iturralde Iparra-Zuia lehen mailako arreta unitateko medikuak, Gasteizko elkarretaratzean. «Osakidetzak proposatu duen berrantolaketa ez dugu egoki ikusten, pazienteekin dugun harremana eta kalitatea galduko direlako». Are: Osasun sailburuari eta Osakidetzako agintariei leporatu zien «herri txikietan lehen arreta deuseztatu nahi izatea», landa eremuko osasun zentroetan «pribatizazioari leiho bat zabalduz». Hori dela eta, «borrokan segitzeko» asmoa agertuzuen Iturraldek: «Erabakiak inposa ditzakete Osakidetzak eta Arabako ESIko zuzendaritzak, baina ez gaituzte horrela konbentzituko».

Antolatzaileen arabera, lanuzteak «erabateko arrakasta» izan zuen Arabako lehen mailako arreta unitate guztietan, eta deialdiaren balorazio ona egin zuten. SATSE, SME, ESK, LAB, UGT, CCOO eta SAE sindikatuen arabera, lanuztearekin bat egin zuten osasun langileen eta soziosanitarioen %85ek Iparra-Legutio eta Iparra-Zuia arreta unitateetan. Arabako Haranak I eta II eremuetan, berriz, erantzuna %100ekoa izan zela adierazi zuten, eta Arabako Lautada unitatean, berriz, %75ekoa.

Gehiengo sindikalak ohar batean azaldu zuenez, «Arabako ESIko zuzendaritzaren tratu txar jarraitua» pairatzen dute landa eremuko langile soziosanitarioek. Zehazki, langileak anbulatorio edo osasun zentro batetik bestera mugitzea eta herriak medikuz hustea egotzi zioten zuzendaritzari. Orain arte ezarritako aldaketak, gainera, «inposizioaren bidetik» egin dituztela salatu zuten sindikatuok. «Bere irizpideak inposatu ditu Arabako ESIak, langileekin eta beren ordezkariekin ezer negoziatzeko aukera baztertuz».

ELA sindikatua ere «pozik» agertu zen, «grebak eta elkarretaratzeek izandako arrakastarengatik», eta nabarmendu zuen herrialdeko landa eremuko langile soziosanitario guztien %80 inguruk babestu zutela protesta: «Hilabete eta erdi luze daramate langileek mobilizazioak egiten, landa eremuko osasun zerbitzu publikoaren kalitateak eta langileen lan baldintzek okerrera egin ez dezaten, eta greba ere kanpaina horren beraren parte da».

Eusko Jaurlaritzak, berriz, «errealitatera egokitzeko» eskatu die sindikatuei. Ohar bidez adierazi du «landa eremuko osasun asistentziaren kalitatearen aldeko apustu argia» egina dutela. Arabako ESIan sei erizainen kontratuak «finkatu» dituztela aipatu dute, adibide gisara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.