Astelehenean Aiarako Lanteno (Araba) kontzejuan piztu zen sutea berpiztu egin zen ostegunean, eta, geroztik, suhiltzaileak garrak itzaltzeko ahaleginetan ari dira. Atzo sutearen aldeetako bat egonkortu zutela jakinarazi ostean, Arabako Foru Aldundiko iturriek gaur adierazi dute sutearen perimetro osoa egonkortzea lortu dutela. Garrak, beraz, kontrolpean daude, baina sutea oraindik ez da itzali, eta horretarako lanean jarraitzen dute suhiltzaileek.Â
Ostegunean berpizturiko sutearen ondorioz, ehun bat hektarea erre dira, eta lau baserri hustu behar izan dituzte suhiltzaileek. Horietako bat hutsik zen jada, eta beste batean animaliak baino ez zeuden. Suhiltzaileek garrak itzaltzeko lanetan dihardute, bost helikopterok, Nekazaritzako Foru Brigadak eta Espejo, Langraiz eta Laudioko suhiltzaileek lagundurik. Gipuzkoako eta Gaztela eta Leongo suhiltzaileek ere brigada bana bidali dute, itzaltze lanetan laguntzeko. Â