ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Arabako Lautadan 130 eta 218 hektareako bi eguzki parke egitea aztertuko dute

Nafarroako Gobernuak ezezkoa eman dio Adios eta Muruzabal artean egitekoak ziren beste zentral fotovoltaiko bati.

Arabako Erribera Beitia herriko eguzki parkea. ENDIKA PORTILLO/FOKU
jone arruabarrena
2023ko uztailaren 12a
12:17
Entzun

Solaria enpresak ebaluazio geotekniko bat egingo du abuztuan Arabako Lautadan, Arratzua eta Ubarrundia zein Burgelu eta Elburgoko udalerrietan, 130 eta 218 hektarea zabal izango diren bi eguzki parke egiteko, Araba Bizirik plataformak ohartarazi duenez. Era berean, azaldu du enpresa hori Adios eta Muruzabal herrien artean egitekoa zen plaka fotovoltaikoen zentral bat egiteko baimena atzera bota duela Nafarroako Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak. Paisaiari egingo lizkiokeen kalteak, etorkizunean inguruko herrietan izan dezakeen eragina eta nekazaritza lurren gutxitzea argudiatu du Nafarroak proiektuari ezezkoa emateko, baita proiektuak eremu horretarako daukan «gehiegizko» tamaina eta herriekiko daukan hurbiltasuna ere.

Arabako Lautadan, berriz,Vitoria solar 1 eta Vitoria solar 2 izeneko parkeak egin nahi ditu enpresak, eta Araba Bizirik-ek salatu du Adios eta Muruzabalen artean egitekoak ziren zentralaren tamaina erruz gainditzen duela: «123 hektareako eremua hartzen duen proiektuari baimena kendu diote (...) Hala ere, badirudi [Arabako Lautadako proiektuen kasuan] Eusko Jaurlaritzak ez duela bat egingo nekazaritza eremua babesteko borondate horrekin, eta ez dituela kontuan hartuko mota honetako makroegiturek nekazaritzan zein lurraldearen antolamenduan izaten dituzten ondorio atzeraezinak». Horrez gain, gaitzetsi dute abuztuan egin behar dituztela ebaluazio geoteknikoak, nekazariek lur horietan uzta biltzeko lanak egiteko garaian.

Horrelako proiektuak egiteak ekar litzakeen arriskuez ere ohartarazi du taldeak. Azaldu dutenez, Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030 Estrategiaren arabera, 2015etik 2020ra bitartean, balio estrategiko handikotzat izendatuta dauden baso lurren 3.000 hektarea eta ekoizpenerako lurren 4.000 hektarea galdu dira. «Erritmo honetan jarraituz gero, modu horretan kategorizatuta dagoen lur guztia desagertuko da 50 urtean». Bide horretatik, gaur egun tramitazio fasean dagoen Energia Berriztagarrien LPSan «lurzoru naturala babesteko mekanismoak ezartzea» beharrezkotzat jo du taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.