Arabako suhiltzaileek bertan behera utzi dute uztailaren 15etik egiten ari ziren greba

Joan den astean epaitegiak arrazoia eman zien suhiltzaileei, eta bertan behera utzi zuen atseden egunetan lan egitera behartu nahi zituen agindua. Aldundiari negoziatzeko borondaterik ez izatea egotzi dio langile batzordeak.

Arabako suhiltzaileen protesta bat. L. RICO / EFE
Arabako suhiltzaileen protesta bat. L. RICO / EFE
edurne begiristain
2024ko uztailaren 29a
12:43
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako suhiltzaileek bertan behera utzi dute uztailaren 15etik egiten ari ziren greba. Hitzarmen propioaren eta lan baldintza duinen alde egiteko deitu zuten lanuztera, baina, gaur langile batzordeak ohar bidez jakinarazi duenez, joan den ostiralean Gasteizko Administrazio Auzietako 3. Epaitegiak ontzat jo ondotik ELA eta LAB sindikatuek eskatutako kautelazko neurriak, greba deialdia bertan behera utziko dute. Hain justu, epaitegiak ebatzi zuen ez zela bidezkoa Arabako Aldundiak ekainaren 5ean kaleratutako zerbitzu agindua, zeinaren bitartez uda honetan suhiltzaileak behartu nahi zituzten atseden egunetan lan egitera. Hala, langile batzordeko bi sindikatuek egindako eskaria aintzat hartu, eta agindu hori behin-behinean ezerezean utzi zuen epaileak. «Gehiegizkoa zela uste genuen, eta, epaitegiak ebatzi duena ikusita, arrazoi genuen», azpimarratu du langile batzordeak.

Nolanahi ere, suhiltzaileek Arabako Foru Aldundiaren jarrera deitoratu dute, eta akordiorako borondaterik ez izatea leporatu diote. Are, kritikatu dute aldundiko ordezkariak harremanetan jarri ez izana langile batzordeko kideekin eta negoziaziorako borondaterik ez erakutsi izana. «Guk hilabeteak daramatzagu erantzukizunez jokatzen», gaineratu dute. Besteak beste, gogoratu dute zortzi urte daramatzatela hitzarmenik gabe, eta ezinbestekoa dela Arabako parkeak kudeatzeko eredua aldatzea eta langile gehiago kontratatzea.

Greba deialdia bertan behera utzita ere, Arabako suhiltzaileek borrokan jarraituko dute lan baldintzak hobetu eta langileen kopurua handituko duen akordio baten alde. «Gure ateak irekita daude benetako negoziaziorako; inposaketaren aurka, planto egingo dugu», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.