Arabako zaintzen herri akordioa aurkeztu dute, «aldaketa errealak» lortzeko

Iazko abenduan hasi zuten prozesutik 27 aldarrikapen atera dituzte, eta bederatzi ataletan banatu. Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, tokian tokiko udalak, zaintza enpresa pribatuak, gizonak, norbanakoak eta gizartea interpelatu dituzte.

Arabako zaintzen herri akordioaren aurkezpena gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Arabako zaintzen herri akordioaren aurkezpena gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko ekainaren 12a
20:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zaintza langileendako lan baldintza duinak, Atzerritarren Legearen abolizioa, landa eremuan oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzea eta zaintza sistema feminista eta komunitario baterantz pausoak ematea: horiek dira, bertzeak bertze, Arabako zaintzen herri akordioan bildutako aldarrikapenetako batzuk; sinetsita baitaude zaintza sisteman «aldaketa errealak» lortzeko tresna izanen dela akordio hori.

Gaur egin dute aldarrikapen zehatzen aurkezpena, Gasteizko Emakumeen Etxearen kanpoko aldean. Aldarrikapenak emaitza izan dituen prozesua «lorpen» gisa irudikatu dute: «Eskualde ezberdinetako kide feministak saretu izana, sektoreko langileekin elkarlanean jarraitu izana eta prozesu hau bideratu duen talde eragilea martxan jarri izana». Esplikatu dute 27 aldarrikapen dituztela lortzeko —bederatzi puntutan banatu dituztenak—, eta horretarako Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, tokian tokiko udalak, zaintza enpresa pribatuak, gizonak, norbanakoak eta gizartea interpelatzen segituko dutela. «Denon bizitzak erdigunean egon arte».

Izan ere, urtebete baino gehiago igaro da greba feminista orokorraren harira zaintza publiko eta komunitario baten aldeko herri akordioa eta 23 puntuko aldarrikapen taula aurkeztu zirenetik. Urtebete baino gehiago Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren erantzunik jaso gabe. Euskal Herriko aldarrikapenei buruzko erantzunik ez jaso izanak, baina, ez zituen gelditu arabarrak: izan ere, lurraldeko «ezaugarri eta berezitasunak» biltzen zituen akordio baten beharra ikusi zuten, eta hori lantzen aritu dira iazko abendutik. Arabako Mugimendu Feminista, pentsiodunak, AEZLE Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea, Enarak kooperatiba, Ernai, ESK, LAB eta Steilas elkartu ziren proiektuari hasmenta emateko.

«Ikasturte osoko prozesu bat izan da hau», adierazi dute. Hiru pausotan egin dute lana: batetik, abendutik martxora bitarte, lurraldearen argazki bat egin zuten: horretarako, mapatze parte hartzaile eta kolektiboa jarri zuten abian, eta banakako elkarrizketak zaintza zerbitzuak ematen dituzten herritarrekin eta jasotzen dituztenekin. «Parte hartzea eta sareak eraikitzea funtsezkoa izan dira horretarako», gehitu dute.

Irudi orokorra aldarrikapen zehatzetan lurreratzeko baliatu zuten bigarren pausoa: apirilaren 6an, asanblada ireki eta mistoa egin zuten, 90 lagunek parte hartu zuten, eta aldarrikapen taulako edukiak eztabaidatu eta adostu zituzten. «Bukatzeko, aldarrikapenen azken kontraste eta zuzenketak egin dira zaintzaren bueltan antolatuta dauden eragile batzuekin», erran dute. 

Prozesu horren emaitzak aurkeztu dituzte gaur: «Zaintza sistema publiko eta komunitarioa ardatz, eman beharreko pausoak zehazten dituen aldarrikapen taula». 

1

Zerbitzuen publifikazioa

Adinekoendako eta mendekotasun edo desgaitasunen bat dutenendako zaintza zerbitzu guztiak «progresiboki publifikatzeko» exijitu dute, eta sortzen diren zerbitzu berriak publikoak izan daitezela. Horrez gain, etxeko langileen zerbitzua publiko bihurtzeko eta zerbitzua hobetzeko urrats zehatzak eskatu dituzte, baita zaintza premiak identifikatzea ahalbidetzen duen etxez etxeko bisiten programa bat ere. Arabako Foru Aldundiari eskaera zuzen bat egin diote: «Behar bezainbeste foru dekretu garatu ditzala ratioak mendekotasun eta ezgaitasun zerbitzuen beharretara egokitzeko». 

2

Zaintza langileendako baldintza duinak

Zaintza arloan lan egiten dutenendako lan baldintza duinak exijitu dituzte, eta, horretarako, Arabako hitzarmen propio bat eskatu. Are, etxeko eta zaintza langileak lan erregimen orokorrean sartzeko eskatu dute, haien eskubideak bete daitezen: kaleratzeen osteko kalte ordaina, lanaldiaren ordutegi kontrola, oporrak eta atsedenaldiak, eta ikuskapenak. Gainera, beharrezkotzat jo dute sare pribatuko langileen lan baldintzak sistema publikoko langileenekin parekatzea, baita etxeko eta zaintza langile egoiliarren erregimena desagertzea ere.

3

Atzerritarren Legearen abolizioa

Migratuen erregularizazioan eta Atzerritarren Legearen abolizioan kokatu dute hirugarren blokea. Bertzeak bertze, eskaera hauek egin dituzte: inolako betekizunik gabe erroldatzeko eskubidea, migratzaileendako udal harrera zerbitzuak, eta prestakuntza erraztea eta ikasketak homologatzea. 

4

Landa eremurako oinarrizko zerbitzuak

Arabako zortzi kuadrilletako landa eremuan oinarrizko zerbitzu publikoak bermatu eta deszentralizatzeko exijitu dute. Bertzeak bertze, bermatu ditzatela osasun mentalaren, ginekologiaren, pediatriaren lehen mailako arreta, arreta goiztiarra, hezkuntza berezia eta aniztasun funtzionalaren arreta zerbitzuak; zerbitzu ibiltarien bidez, erraterako. Horrez gain, ezinbertzekotzat jo dute prozedura administratiboak egiteko aukera leku horietara hurbiltzea, autobus konexioak hobetzea eta Trebiñuko biztanleen gatazka administratiboari erantzutea.

5

Zaintza sistema feminista eta komunitarioa

Zaintza sistema feminista eta komunitario baterantz pausoak emateko eskatu dute: «Gizonek zaindu egin behar dute». Bide horretan, aldarrikapen hauek egin dituzte: kontziliazio erantzunkiderako neurri zehatz eta eraginkorrak aplikatzea, odolkidetasun mailaz harago zaintzeko baimen eta lizentziak, eta osasun mental komunitario eredu baterantz bidea egitea, «tratamendu indibidualizatutik eta osasun mental isolatutik harago doana».

6

Eskolaz kanpoko jarduerak

Eskolaz kanpo egiten diren jarduerak, udalekuak, eskola zaintza eta eskola laguntza publikoak eta doakoak izan daitezela, «gizarte arrakalarik gabeak».

7

Desgaitasuna

Desgaitasunen bat dutenekin lan egiten dutenendako lan baldintza duinak eskatu dituzte. «Bereizketarik ez  gainontzeko langileen aldean, eta enpleguaren funtzioak eta azpiegiturak moldatu pertsona bakoitzaren beharretara».

8

Pentsioak parekatu

Gutxieneko pentsioak eta gutxieneko soldata parekatzeko exijitu dute.

9

Zaindua entzun

Zaintza pertsonan oinarritua izan dadila eskatu dute: pertsona hori entzuna izan dadila, eta zaintza ereduaren diseinuan parte hartu dezala. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.