Zaintzaren arloko Arabako herri akordioa betetzea exijituko dute abenduaren 13an Gasteizen

Ekainean aurkeztu zuten akordioa, eta horren ondoren egindako atxikimendu fasean 124 talde batu zaizkio egitasmoari. Instituzioen «arduragabekeriari eta konpromiso faltari» erantzunez, Arabako Foru Aldundian erregistratu dute proiektua.

Herri akordioaren sinatzaileak eta atxikimendua adierazi dutenak akordioa Foru Aldundian erregistratzen, gaur eguerdian. GORKA RUBIO / FOKU
Herri akordioaren sinatzaileak eta atxikimendua adierazi dutenak akordioa Arabako Foru Aldundian erregistratzen, gaur eguerdian. GORKA RUBIO / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2025eko azaroaren 13a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainean aurkeztu zuten zaintza arloko Arabako herri akordioa, hainbat eragilek sustatuta: Arabako Mugimendu Feministak, pentsiodunek, AEZLE Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkarteak, Enarak kooperatibak, Ernaik, eta ESK, LAB eta Steilas sindikatuek. Bada, instituzioek orain arte erantzun ez izana salatzeko eta akordioak zer eskaera biltzen dituen gizarteratzeko, akordioari atxikitako 124 eragileek mobilizazio baterako deia egin dute. Manifestazioa abenduaren 13an egingo dute, Gasteizen, Zaintzak: gurea, publikoa, komunitarioa eta guztiona; zuena, pribatizatua eta negozioa lelopean. Akordioaren eta mobilizazioaren helburutzat finkatu dute «instituzioak seinalatzea eta presionatzea», baita eragileen arteko aliantzak sortzea eta zaintzen problematika gizarteratzea ere. Instituzioak mugiarazteko asmoz, hain zuzen, gaur bertan erregistratu dute akordioa Arabako Foru Aldundian. 

Denon Bizitzak Erdigunean dinamika Euskal Herriko Mugimendu Feministak sortu zuen, 2023ko azaroaren 30eko grebaren harira, zaintza eskubide kolektiboaren alde egiteko, eta zaintza lanei lehentasuna emateko proiektu horrekin bat egin zuten zenbait sindikatuk, herri mugimenduk eta talde feministak. Lumagorri elkarteko Klaudia Ugartek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari negoziazio mahai bat osatzeko eskatu zieten orduan, eta salatu du oraindik ez dietela erantzun. 

Nolanahi ere, instituzioen erantzunaren zain gelditu ez, lanean jarraitu, eta Arabako «ezaugarri eta bereizgarriak» oinarri zituen herri akordio propio bat osatzeko asmoa aurkeztu zuten. Hurrengo hilabeteetan egin asmo zituzten urratsak azaldu zituzten, eta «Araba bizigarri batean sinesten duen pertsona eta eragile orori» proiektura batzeko deia egin zioten. Abendutik martxora bitartean, mapatze parte-hartzaile eta kolektibo bat egin zuten; eta banakako elkarrizketak egin zizkieten zaintza zerbitzuak ematen dituzten herritarrei, baita zaintza horiek jasotzen dituztenei ere. Lortutako informazioarekin Arabako egoeraren argazki «errealista» bat osatu zuten. Eta apirilaren 6an, asanblada ireki eta mistoa egin zuten eskarien taulako edukiak eztabaidatzeko eta adosteko. Eskarien taula izan zen azken emaitza, eta ekainean aurkeztu zuten.

Eskaerak

Akordioak 27 eskaera biltzen ditu, bederatzi puntutan banatuta. Zaintza sistema feminista eta komunitarioa defendatzeari dagokion puntuan, gizonen inplikazioa ziurtatzeko kontziliazio neurri zehatzak eskatzen dituzte, astean 30 orduko eta egunean gehienez zazpi orduko lanaldiak —zaintza langile egoiliarren erregimena desagerrarazita— eta odolkidetasunarekin loturarik ez duten zaintza baimenak eskatzen ditu. Beste puntu batean, zaintza sistema publifikatzeko beharra plazaratu zuten, eta, horretarako, Arabako Foru Aldundiari eskatu zioten behar adina dekretu onar zitzala ratioak mendekotasunen bat edo ezgaitasunen bat dutenentzako zerbitzuetara egokitzeko. Zaintza langile ororen eskubideak bermatzeko, sektore hori erregimen orokorraren barruan txertatzeko eskakizuna ere egin zuten beste atal batean. 

Zaintza langile gehienak atzerritarrak izanik, Atzerritarren Legea abolitzeko eta migranteen egoera erregularizatzeko eskatu zuten, eta, horretarako urrats gisa, erroldatze eskubidea herritar orori bermatzea exijitu. Mapatzearen bitartez lortutako datuei esker, ondorioztatu zuten alde nabarmenak daudela Gasteizen eta Arabako gainerako guneen artean, eta horren ondorioz, beharrezkoa ikusi zuten landa eremuan oinarrizko eskubideak berma zitezela eskatzea: garraiobide publikoetan, administrazioan, osasungintzan eta jana eta edana lortzeko garaian, besteak beste. Beste eskaera hauek ere bildu zituzten: gutxieneko pentsioak eta soldatak parekatzea, eskolaz kanpoko jarduerak doakoak izatea, zaintza ereduaren diseinua berrantolatzea, eta ezgaitasunen bat dutenen zaintzan bereizketarik ez egitea.

Ekainean egindako agerraldi horren ostean, atxikimenduak lortzeko fasean murgildu ziren, eta, Ugartek adierazi duenez, hasierako sinatzaileei —Arabako Mugimendu Feministari, pentsiodunei, AEZLE Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkarteari, Enarak kooperatibari, Ernairi eta ESK, LAB eta Steilas sindikatuei— beste eragile andana bat batu zaie. Guztira 124 eragilek bat egin dute.

Horrekin lotuta, iragarri dute mobilizazio bat egingo dutela akordioa bete dadila eskatzeko: abenduaren 13an, Gasteizko Plaza Berritik abiatuta. Bertan, egungo zaintza sistemaren problematika salatu, eta herritar guztien bizitza erdigunean jarriko duen zaintza eredu bat defendatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.