Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan adimen gaitasun handiko 7.327 ikasle atzeman dituzte guztira

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, «ekitatean eta detekzio goiztiarrean» oinarritutako sistemaren ondorioz areagotu da kopurua; 2019an, 747 ikasle ziren.

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, 'Adimen gaitasun handien garapena sustatu eskola inklusiboetan' biltzarrean, gaur, Bilbon. IREKIA
Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, 'Adimen gaitasun handien garapena sustatu eskola inklusiboetan' biltzarrean, gaur, Bilbon. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2026ko maiatzaren 13a
14:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eman du datua: adimen gaitasun handiko 7.327 ikasle dauzkate erregistratuta, 2019an halako hamar. Aurrerapena «hezkuntza erantzunaren detekzio goiztiarrean, ekitatean eta pertsonalizazioan» oinarritutako eredu baten emaitza da, Hezkuntza Sailaren arabera. Gaur gaia lantzen aritu dira Bilbon, Adimen gaitasun handien garapena sustatu eskola inklusiboetan izeneko nazioarteko I. biltzarrean.

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak nabarmendu duenez, detekzioan egindako «aurrerapenak» izan du isla: «Oharkabean pasa zitezkeen ikasleei hezkuntza erantzun egokia eskaini ahal izan zaie». 2019an, 747 ikasle baino ez zeuzkaten identifikatuta, ikasleen % 0,2.

Azaldu dutenez, aldaketa hori Hezkuntza Sailak eta Deustuko Unibertsitateak 2019tik bultzatutako Adimen Gaitasun Handiko Ikasleentzako Hezkuntza Arretako Planaren ondorioa da. Hainbat arlotan eragin dutela nabarmendu du: errealitate hori ikusarazten; irakasleak trebatzen; identifikazio protokoloak sistematizatzen; hezkuntza erantzuna pertsonalizatzen; ikastetxeen, familien, Berritzeguneen, unibertsitatearen eta zerbitzu espezializatuen artean laguntza sare koordinatu bat eratzen... 

Hain zuzen, Jaurlaritzak detekzio goiztiarreko sistema bat dauka ezarrita Lehen Hezkuntzako lehen eta seigarren mailetan, ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan; horri esker atzeman dituzte 4.513 kasu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA