2023an 2.000 milioi euroko inbertsioa gainditu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako I+G arloan; hots, ikerketan eta garapenean. Azken urteetako goranzko joerari eutsi diote inbertsioek, Ikerbasquek eta Eusko Jaurlaritzak gaur kaleratu berri duten Zientzia Euskadin 2025 txostenean nabarmendu dutenez; aurreko urtearekin konparatuz gero, %11,5 handitu ziren arlo horretako inbertsioak. Hiru lurraldeetako barne produktu gordinaren %2,35i dagokio inbertsio hori, Europako batezbestekoaren gainetik (%2,24) —EAEn, datu hori %2 eta %2,5 artekoa izan da 2012tik—.
Iaz, hiru lurraldeetako ikertzaileek 125 milioi euro lortu zituzten Europako Horizon Europe programatik, eta txostenean jakinarazi dute ERC Europako Ikerketa Kontseiluak lagundutako 57 proiektu koordinatu zituztela —horietako gehienak, 52, Ikerbasqueko ikertzaileek—. Maila zientifiko goreneko ikerketa proiektuak dituzten ikertzaileei ematen dizkiete laguntza horiek, eta bost urte irauten dute.
36.000 pertsonak baino gehiagok dihardute I+G arloan, eta horietatik ia 24.500 ikertzaileak dira. Iaz 8.190 argitalpen zientifiko kaleratu zituzten, eta txostenean adierazi dutenez, ekoizpen horren guztiaren «kalitatea ere nabarmen hobetu da», lanen ia bi heren (%64) «prestigio handieneko» aldizkari zientifikoetan argitaratu baitziren. Argitalpen horien %55ek nazioarteko lankidetza izan zuten.
Bestalde, secu arrakala txikitzea da oraindik ere erronka nagusietako bat. 2023an, ikertzaileen %35 baino zertxobait gehixeago emakumeak ziren, eta «azken hamarkadan ez da hobekuntza joera nabarmenik izan», esan dute txostenean. Gogoratu dute unibertsitateen, Ikerketa Kooperatiboko Zentroen eta Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroen programek «neurri espezifikoak» jasotzen dituztela sexu orekaren alde egiteko.