Araban, EAJ eta H1 batera joango dira Biltzar Nagusietan eta zazpi herritan

«Abertzaletasun historikoari» erantzuteko da ituna, Gerenabarrenak eta Berazak azaldu dutenez

edurne begiristain
Gasteiz
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Arabako egoeraren «diagnostiko berbera» egiten dutelako erabaki dute EAJk eta Hamaikabatek (H1) udal eta foru hauteskundeetara elkarrekin aurkeztea herrialde horretan. Hauteskundeetarako lortutako lankidetza akordioaren berri eman zuten atzo bi aldeek: EAJkoAraba Buru Batzarretik, Iñaki Gerenabarrenapresidenteak eta Nerea Antiaidazkariak, etaArabako Hamaikabatetik, Iñaki Beraza presidenteak eta Igone Martinez de Luna presidenteordeak. Biltzar Nagusietako hiru barrutietan eta zazpi herritan —Agurain, Kanpezu, Oion, Guardia, Eltziego, Zuia eta Zigoitian— elkarrekin aurkeztuko dira maiatzaren 22ko bozetara. H1eko kideak EAJko zerrendetan joango dira, independente gisa.Gasteizen, berriz, soilik «akordio programatikoa» erdietsi dute, eta H1ek ez du hautagairik izango zerrendan. Hala ere, legealdian bi alderdiaklankidetzan arituko dira.

Elkarrekin ondo etorri bi alderdiok Araban, EAJko eta H1eko ordezkariek azaldu dutenez. Biak ala biak «erakundezaleak» direla eta hauteskunde programa «osagarriak» dituztela esan dute. «Abertzaletasunaren indarrean sinesten dugu», adierazi du Gerenabarrenak. «Arabak behar duen hitzarmena da», erantsi du Martinez de Lunak.

Hauteskundeetarako erdietsitako akordioaren oinarrian, EAJk eta H1ek duten «ondare ideologiko komuna» dago, eta, bat eginda, «abertzaletasun historiko eta instituzionalari» erantzun nahi diote. Izan ere, hitzarmenean zehaztu dutenez, erakundeetako bokazioa duen euskal nazionalismo historikoak «modu erabakigarrian» lagundu du Arabaren eta euskal herritarren artikulazio politikoan. Hala, EAJk eta H1ek «lidergo politiko» horrekin jarraitzeko borondatea agertu dute, «Arabako gizarte eraikuntza hobetu, erakundeak sendotu eta arabarren ongizatea lortzeko».

Duela hilabete batzuk, EAJklankidetza akordio bera proposatu zion Hamaikabati Bizkaian eta Gipuzkoan. Gipuzkoako H1ek, ordea, baztertu egin du aukera hori, herrialde horretan besteetan baino indar handiagoa duela iritzita. Araban, ordea, posible izan bada, bi alderdiek elkarrekin duten «konfiantza politiko eta pertsonalagatik» eta biek ala biek herrialdean indar abertzaleen metaketa ezinbestekotzat jotzen dutelako izan da, Gerenabarrenak azaldu duenez. Berazak erantsi du Arabako udalerriei eta herrialdeari «zentralitatea eta egonkortasuna» eman nahi dietelako batu direla.

«Gobernatzeko modu berria»

EAJk eta H1ek uste dute maiatzaren 22ko hauteskundeak «funtsezko erronka» direla euskal abertzaletasunarentzat. Akordioan jaso dutenez, «aro politiko berriaren» atarian dago Euskal Herria, eta horregatik da abertzaletasunaren garaia. Bi alderdiek diote une honetan beharrezkoak direla normalizazio politikoan aurrera egiteko akordioak.

Halaber, foru eta udal gobernuetatik «gobernatzeko modu berri bat» bultzatuko dutelaazaldu dute, eta, besteak beste, inolako jokabide «irregular edo susmagarri» ez onartzeko konpromisoa hartu dute. «Guztion diruaren kudeaketan, garbitasunaren, zintzotasunaren eta eraginkortasunaren erreferente izan behar du abertzaletasunak». Araban EAJk eta H1ek batasunerako egindako ahalegina nabarmendu duteakordioan, azpimarratuta euren interes politikoa «herriaren interes politikoarekin hasi eta bukatzen» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.