Araban ere PCRak egingo dizkiete sasoikako langileei

Arabako Errioxan mahats bilketan 2.500 eta 3.000 langile artean ibiltzea espero da, eta Jaurlaritzak baieztatu du aukera hori aztertzen ari direla. Nafarroak sasoikako langileei eginiko lehen proben emaitzak jaso ditu: denek negatibo eman dute.

Bastidan, mahats bilketa, 2018an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2020ko abuztuaren 6a
18:25
Entzun

Oraindik ez da behin betiko erabakirik hartu, baina Eusko Jaurlaritzak Nafarroako Gobernuaren bidetik joko du. Irailean, Arabako Errioxan, mahats bilketaren kanpaina garrantzitsua hasiko da. Urtero 2.500 eta 3.000 sasoikako langile aritzen dira zeregin horretan. Nekane Murga Osasun sailburuak baieztatu du upeltegiekin hitz egiten ari direla kontratuak non egiten dituzten eta langileok noiz iristen diren jakiteko, «prest egoteko».

Positiboak ugarituz doaz oraindik, eta Murgak gaur ohartarazi du «bigarren olatua» dela. Beste hainbat tokitan kutsatzeak izan direnez sasoikako langileen artean, egoera horri aurrea hartu nahi diote. Murgaren arabera, jakin nahi dute zeintzuk diren langileon bizitokien baldintzak, edukiera irizpideak betetzeko asmoz. Beste urte batzuetan baino langile gutxiagok egon beharko dute toki berean, haien arteko distantzia gordetzeko asmoz.

Nafarroako Gobernuak ere atzo adierazi zuen PCR probak egingo dizkietela Nafarroaz kanpotik etorritako sasoikako langileei, eta, positibo emanez gero, konfinamenduan lagunduko die gobernuak. Atzo 84 langileri eginiko proben emaitzak jaso dituzte gaur, eta denek negatibo eman dute, Nafarroako Gobernuaren arabera. Tutera inguruan fruta bilketan ari diren beharginei egin zizkieten proba guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.