Araban ia hirukoiztu egin da kasu berrien kopurua

Azken orduetan 807 positibo atzeman dituzte Hegoaldean, bezperan baino 47 gehiago. Araban ia hirukoiztu egin dira egun bakarrean detektatutako kasuak: zehazki, 131 izan dira. Nafarroan, berriz, nabarmen apaldu da positibo kopurua azken egunean. Hegoaldeko lurraldeetan, guztira 67 pertsona erietxeratu dituzte 24 orduan. Hildako bat izan da Nafarroan.

PCR proba bat, Zarautzen. GORKA RUBIO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 17a
12:47
Entzun

Azken egunetako joerari eutsi dio kutsatu berrien kopuruak, beste behin; gora egin du berriz. Azken egunean 807 kasu berri atzeman dituzte Hegoaldean. Araban izan da gorakadarik handiena: areago, ia hirukoiztu egin da 24 orduan erregistratutako positibo kopurua. Atzo emandako datuen arabera, 46 ziren kasu berriak. Gaur, aldiz, beste 131 positiboren berri eman dute. Bizkaian eta Gipuzkoan ere ugaritu egin dira kasu berriak: zehazki, 252 atzeman dituzte Bizkaian, eta Gipuzkoan, berriz, 188. Guztira, 11.125 PCR proba egin dituzte hiru lurralde horietan; egindako proba guztien %5,2k eman dute positibo.

Nafarroan, aldiz, nabarmen egin du behera egun bakarrean atzemandako positibo kopuruak, bi egunez jarraian hirurehun kasuren langa gainditu ondotik. Azken datuen arabera, 228 kasu atzeman dituzte bertan, aurreko egunean baino 73 gutxiago. Gainera, egindako PCR proben kopuruan ez da ia aldaketarik izan. 2.893 proba egin dituzte azken egunean, eta horien guztien %7,6k eman dute positibo.

Halaber, koronabirusarekin lotutako heriotza bat izan da Nafarroan. Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, 70 urteko emakume bat da hildakoa.

Azken egunean 49 pertsona ospitaleratu dituzte Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, aurreko egunean baino zazpi gehiago. Nafarroan, berriz, 18 erietxeratu dituzte, eta ZIUn sartu behar izan dute horietako bat. Oraintxe bertan, 470 gaixok erietxeratuta segitzen dute Hegoaldean, eta 69 gaixo daude ZIUn, bezperan baino bi gehiago.

Zahar etxeetan, gero eta kasu gehiago

Egunetik egunera, positibo kopurua nabarmen ari da handitzen zaharren egoitzetan, baita egoiliarren heriotzen zenbatekoa ere. Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, azken bi egunetan hiru egoiliar hil dira Bizkaiko zahar etxeetan, eta 205ek kutsatuta segitzen dute. Horietatik 26 ospitaleratuta daude. Halaber, beste agerraldi bat atzeman dute lurralde horretan; hamasei egoiliarrek eta hamabi langilek positibo eman dute Leioa laguntza zentroan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere zahar etxeetako datuak gaurkotu ditu: azken orduetan hiru egoiliar hil dira Gipuzkoako zaharren egoitzetan, eta beste positibo bat atzeman dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.