Araban PP lehen indarra izatearen garrantzia nabarmendu du Antonio Basagoiti lehendakarigaiak, berriro ere EAJk independentziari buruz dauzkan «asmoak» argudio gisa erabilita. Haren arabera, Araban PPk irabaztea nahitaezkoa da jeltzaleak «geldiarazteko». Basagoitik, horrenbestez, botoa emateko deia egin die arabarrei: «Jakin behar dute erabakigarriak direla haien botoak. Independentzia eurek geldiaraz dezakete. Nazionalisten politika orekatzeko eta zentzuzko bide bat lortzeko erabakigarriak dira». Gainerako herrialdeetan aukerarik ez daukala ikusita, Basagoitik esana du Araban PPk irabaztea duela helburu nagusietako bat.
Independentziari buruz beldur mezua eraman zuen Gasteizera ere atzo Basagoitik: «Amildegia da independentzia. EAJk hondamenera eraman nahi du herri hau». Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren egonkortasuna jokoan dagoela ohartarazi zuen: «Jokoan hori dago: Euskadik etorkizun lasaia edukitzea, PPrekin; edo EAJren altzoan Diada bat hastea, ezegonkortasunerantz desafioa jotzea eta bizikidetzaren kontra hastea». Hori dela eta, «mobilizatzeko» eskatu zuen.
Askatasuna hartu zuen ahotan PPren asmoak azaltzeko: «Adierazpen, askatasuna eta hizkuntz askatasuna nahi ditugu, baita Espainiako selekzioaren kamiseta eramateko ere», adierazi zuen.
Etorkinen aurka
Javier Maroto Gasteizko alkateak etorkinak hartu zituen begitan, beste behin: «Lanera eta gizarteratzera datozenentzat zabalik dago Euskadi, baina ez laguntzetatik bizitzera eta printzipio batzuk onartu gabe datozenentzat».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Araban irabaztea nahitaezkoa dela dio PPk
EAJren asmoak hartu ditu hizpide Basagoitik: Arabako botoekin jeltzaleak «geldiarazi» egingo dituela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu