Arabako Errioxan eta etorkinekin egiten duten lana nabarmendu dute ikastoletako arduradunek Araba Euskaraz jaian

Unai Mendizabal Arabako ikastolen elkarteko lehendakariak esan du ikastoletara jotzen duten guztiei «bidea leundu eta leunduko» dietela, jatorriari eta egoera sozioekonomikoari begiratu gabe.

Karmele Jaio idazlea omendu dute.
Karmele Jaio idazlea, Araba Euskaraz-en egin dioten omenaldian, gaur goizean. Endika Portillo / FOKU
Edu Lartzanguren.
2025eko ekainaren 15a
14:01
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako Errioxan eta etorkinekin egiten duten lana nabarmendu dute Arabako ikastoletako arduradunek Araba Euskaraz jaia abiatzeko ekitaldian. Milaka euskaltzale bildu dira Gasteizen, goizetik.

Unai Mendizabal Arabako ikastolen elkarteko lehendakariak esan duenez, «uste orokorraren kontra, ikastolek ez diote inoiz oztoporik jarri inori egoera sozioekonomikoaren arabera. Are gehiago: bidea leundu diegu eta leunduko diegu guregana etorri nahi duten guztiei». 

Mendizabalek gogoratu du zein gogorra den Araba hegoaldean euskalduntzeko lana egitea, eta nabarmendu du aurrera egin den arren oraindik asko dagoela egiteko.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien sostengua izan dute ikastolen arduradunek. «Konpromisoa eta gogoa dira egiten duzuen lanaren erregaia, eta berdin jarraitzeko eskatzen dizuet», adierazi du Lucia Torrealdai Hezkuntza Politiketako sailburuordeak.


Horrez gain, Palestina ere izan dute gogoan, eta euskal eskola sistema eratzeko eta indartzeko beharra nabarmendu dute.

Karmele Jaio idazlea omendu dute. 

Amurrioko Aresketa ikastolak izango du hurrengo urteko Araba Euskaraz antolatzeko ardura, eta lekukoa hartu du ekitaldian.

Aurtengo jaiak azken orduko aldaketa bat izan du. Normalean, Gasteizko Olarizuko zelaietan ospatzen dute jaia, baina aurten ezinezkoa izan da, Gasteizko lorezainak greban baitaude, eta belardia haziegia dago jendea eroso egoteko. Horregatik, Armentia ikastolaren, Mendizorrotzaren eta Prado Parkearen inguruan ospatzen ari dira.

Araban 3.700 ikasletik gora dituzte ikastolek, eta 2.500 familiak hautatzen dute hezkuntza eredu hori. Trebiñun ere bada ikastola bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.