Eustat estatistika institutuak Osasunaren panorama txostena argitaratu du, iazko emaitzak bilduta: bizi itxaropena Europako Batasunekoa baino handiagoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina osasunari buruzko pertzepzioa okerragoa da. Lau urtez behin argitaratzen ditu datuok.
Eustaten arabera, hiru lurraldeetako emakumeen bizi itxaropena 87 urtekoa zen 2024an; gizonezkoena, berriz, 81,7 urtekoa. Elbarritasunik gabeko urteetako bizi itxaropenari dagokionez, 81,9 urtekoa da emakumeena, eta 77,3 urtekoa gizonezkoena.
Europako Batasuneko bizi itxaropena baino handiagoa izan arren, osasunari buruzko pertzepzio okerragoa dute arabarrek, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek. 2023an, gizonezkoen %82k uste zuten osasun onekoak edo oso onekoak zirela; emakumeen artean, berriz, %78,1ekoa zen datu hori. 2018tik 2023ra lau puntutik gora jaitsi zen pertzepzio hori; 4,2 puntu gizonetan eta 4,4 puntu emakumeetan, hurrenez hurren.
Bost urte horietan gehien areagotu diren gaixotasunak buru osasunekoak dira: 10,1 puntu areagotu dira emakumeetan, eta 8,1 puntu gizonetan. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeen %26,5ek daukate osasun mentaleko arazoren bat, eta gizonen %17,7k; Eustatek nabarmendu du, gainera, antsietate eta depresio sintomak ohikoagoak direla 75 urtetik gorako herritarren artean. Gaixotasun kronikoen prebalentzia, berriz, jaitsi egin da: emakumeen %42,3k eta gizonen %41,4k dute gaitz kronikoren bat; kausarik ohikoenak hipertentsioa, kolesterol altua eta bizkarreko mina dira.
Adikzioak
Bestalde, hiru lurraldeetan, gizon gehiagok erretzen dute —%17,2k—, baina tabakismoa gora egiten ari da emakumeen artean ere —%13,8—. Alkoholaren kontsumoagatik osasun arazoak izateko arriskuari dagokionez, gizonezkoen artean da handiagoa, %16,6koa. Hala ere, 15-24 urteko adin tartean, emakumeen %14,8k dute arrisku hori, gizonezkoek baino %4,1 gehiagok.
Horrez gain, emakumeak joan ohi dira maizago lehen mailako arretako zerbitzuetara —5,7 aldiz urtean—, 85 urtetik gorako adin tartean izan ezik. Ospitaleratuei dagokienez, ordea, %51,3 gizonezkoak dira. Gainera, 65 urte baino gehiago dituzte erietxean daudenen %52,3k.