Lausanako (Suitza) Unibertsitateko Ospitaleko Radiofisika Institutuak, Al Jazeerak agindurik, Jasser Arafaten heriotzaren arrazoiak argitzeko ikerketa bat burutu du bederatzi hilabetez. Horren emaitza atzo eman zuten argitara eta badirudi, buruzagi palestinarra polonio 210 sustantzia erradioaktiboaz pozoituta hil zela.
Ikerlana burutu ahal izateko, Arafaten arropa, hortzetako eskuila eta bere kufiya (zapi palestinarra) aztertu dituzte. "Horietan, polonio 210 maila altu eta azalezinak aurkitu ditugula konfirmatu dezaket”, esan du François Bochud Lusana Ospitaleko Radiofisika Institutuko zuzendariak. Al Jazeeraren arabera, aurkitutako polonio 210 mailak, ikerketan alderatzeko hartutako ausazko laginetan baino hamar bider altuagoak dira.
Suha Arafatek, buruzagi palestinarren alargunak, gorpua lurpetik atera dezatela eskatu du, polonio 210 arrastorik dagoen aztertu dezaten. Era berean, Palestinako Aginte Nazionalak Arafaten heriotzaren arrazoia argitzeko nazioarteko komisio baten sorrera eskatuko du, eta Mahmud Abbas Palestinako presidenteak gaineratu du ez duela ikerketaren bidean "inolako oztoporik" jarriko.
Jasser Arafat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente zena 2004ko azaroaren 11an hil zen Parisen eta, hasieratik espekulatu da bere heriotzaren arrazoien inguruan.