Lekuko aldaketa izan da Aralar alderdiaren Nafarroako buruzagitzan. Astebete dela jakinarazi zuen Txentxo Jimenezek Nafarroako koordinatzaile izateari utziko ziola, eta Asun Fernandez Garaialde hautatu zuten atzo haren ordezko. Fernandez Garaialde izan zen atzo Burlatan (Nafarroa) egindako Nafarroako Aralarren batzarrean kargurako aurkeztu zen bakarra, eta alderdiko kideen botoen %92,85 jaso zituen. Aralarrek azken kongresuan hitzartutako ildoari jarraitzeko asmoa duela esan zuen. «Alderdia indartzearen alde ere arituko naiz lanean; Aralar indartzeak ezker abertzalea indartzen duelako».
Hautaketaz gain, Amaiur koalizioak Espainiako kongresuan talde parlamentario propioa izateko aukerari buruz ere aritu ziren atzo batzarrean. Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak adierazi zuen koalizioak talde parlamentarioa osatzeko aukera eduki behar lukeela. «Eskubidea du horretarako». Kongresuko mahaiak Amaiurren eskariari erantzuteko eginiko txostena «lotsagarria» zela ere adierazi zuen, eta talde propioa ukatzeko erabakia «politikoa» izan zela. Ondorioz, konponbidea ere politikoa izango dela gaineratu zuen. «Amaiurrek ez du taldea edukitzeko UPDk eta UPNk egindakoen moduko trikimailurik egingo».
Nafarroa ere ez da aitzakia Amaiurri ezezkoa emateko, Zabaletaren hitzetan. Sabino Cuadra Nafarroako diputatuak ere betetzen du talde parlamentarioa osatu ahal izateko legediak lurralde bakoitzeko hautetsiei eskatzen duen botoen %15eko portzentajearen langa. Borobiltzerako nazioarteko matematika arauak aipatu zituen Zabaletak. «Botoen %14,86 gertuago dago 15etik 14tik baino, eta, beraz, hori da Amaiurrek Nafarroan jaso duen boto portzentajea; ez%14koa, %15ekoa baizik. Nafarroako ordezkaria kontuan hartuta ere izango luke taldea osatzeko eskubidea».
Nafarroako politika ere aztertu zuten kongresuan Aralarreko kideek, eta Yolanda Barcina presidentearen «gaitasun falta» nabarmendu zuen Zabaletak. «Ez da alderdien mahai bat sortzeko gai izan, eta ez da egungo egoerari erabilera politikoa ematea ez beste inolako keinurik egiteko gai izan».
Nafarroako batzorde eragile berria osatuko duten hamar kideak ere izendatu zituzten: Xabier Lasa, Aritz Romeo, Maite Iturre, Juan Carlos Espinal, Pablo Azkona, Pedro Huarte, Ana Barrena, Felix Esparza, Marian Gorraiz eta Zutoia Toral.
Bizkaia eta Araba
Bizkaian eta Araban ere egin zituzten lurraldeko batzarrak. Bizkaian, Iosu Murgia hautatu zuten berriz ere lurralde horretako koordinatzaile karguan jarraitzeko, eta ondorengo kideak izendatu zituzten batzorde eragile berrirako: Jon Argintxona, Leire Martinez, Jon Salaberria, Zigor Isuzkiza, Iñaki Legarda, Diana Melon eta Ibon Rodriguez. Araban, aldiz, Alex Larragoitik segituko du koordinatzaile lanetan, eta Iñaki Aldekoa, Jabi Gomez, Gorka Iriondo, Manu Rezola, Mapi Alonso, Joseba Mikel Agirre eta Andres Landa izango dira batzorde eragilean.
Aralarrek Fernandez Garaialde hautatu du Nafarroako buru
Zabaletak dioenez, Amaiurrek badu talde propioa izateko «eskubidea», eta ez du «trikimailurik» egingo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu