Isiltasuna. Auzi gela betea. Alde batean, Federico Martin Arambururen ingurukoak; bestaldean, akusatuen familiak. Lau urte eta erdiko prozeduraren eta hiru asteko epaiketaren ostean, Arambururen familiak eta lagunek badakite zein izanen den haren hilketan parte hartu zutenek bete beharko duten kondena: Loik Le Priol 26 urteko kartzela zigorrera kondenatu dute Arambururen hilketagatik. Romain Bouvier, aldiz, 19 urteko kartzela zigorrera kondenatu dute Aramburu hiltzen saiatzeagatik. Premeditazioa baztertu du gorteak; aldiz, biek hiltzeko nahia izan zutela berretsi dute. Le Priolek eta Bouvierrek «hiltzeko nahiaren alkimiaz» jardun zutela ebatzi du epaimahaiak.
Lyson Rochemir hiru urteko kartzela zigorrera kondenatu dute —30 hilabete, gibelapenarekin—, frogak kukutzeagatik. Antony Sorrentino frogak kukutzeagatik kondenatu dute, eta Bouvier, ihesean laguntzeagatik; hiru urteko kartzela zigorra ezarri diete, gibelapenarekin. Ez dira kartzelatuak izanen.
Aldeek hamar eguneko epea izanen dute erabakiaren kontrako helegitea aurkezteko.
Fiskalaren galdea ez dute segitu akusazioari dagokionez, baina, zigorraren heinari dagokionez, hurbiletik segitu dute. Izan ere, Philippe Courroye fiskalak Loik Le Priol akusatu nagusiaren kontra 27 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Aramburu erailtzea leporatuta; Romain Bouvierren kontra, berriz, hogei urtekoa, Aramburu erailtzen saiatzeagatik. Premeditazioa eta hiltzeko nahia izateagatik kondenatzeko eskatu zuen. Biak arta jasotzera behartzeko ere eskatu zuen, eta armak erabiltzeko debekua izan dezatela. Rochemir erailketa saiakeran Bouvierren konplize aritu izanagatik hobengabetzeko eskatu zuen, eta frogak gordetzeagatik hiru urteko kartzela zigorrera kondenatzeko —urte bat gibelapenarekin—, eta Sorrentinoren kontra hiru urteko zigorra eskatu zuen —bi urte gibelapenarekin—.
Arambururen hilketaren harira, hiru astez epaitu dituzte akusatuak: Le Priol erailketagatik, Bouvier erailketa saiakeragatik, Rochemir erailketa saiakeran konplize izateagatik, eta Sorrentino frogak gordetzeagatik eta Bouvier ihesean laguntzeagatik. Errugbilari ohiari tiro egin zioten lehen biek 2022ko martxoaren 19an, Parisen: Bouvier izan zen tiro egin zion lehena, eta lau bala tiratu zizkion, eta bi lekutan zauritu; ondoren arribatu zen Le Priol, eta sei bala tiratu zizkion, eta lau tokitan hunkitu —bizkarrean jaso zituen balek hil zuten—.
Aurrez borroka bat izan zuten Le Mabillon ostatuan, Parisko erdigunean: borroka finituta oinez etxeratzen ari ziren Aramburu eta Shaun Hegarty, haren laguna. Hotel batean gelditu ziren izotza galdetzeko, zauriak goxatzeko asmoz. Hoteletik ateratzean, Rochemirrek gidatutako Jeep autoa gelditu zen haien heinean, eta Bouvier izan zen autotik atera eta tirokatu zuen lehena. Bakoitzak beren aldetik ihes egin zuten Bouvierrek eta Rochemirrek, eta Le Priol arribatu zen orduan. Arambururekin beste borroka bat izan zuen, eta arma atera, eta sei aldiz egin zion tiro.
Defentsak premeditazioa eta hiltzeko nahia baztertzeko eskatu zuen, eta, Le Priolen kasuan, defentsa egoera batean tiro egin zuela kontuan hartzeko. «Erreflexu militarrez egin nion tiro», adierazi zuen. Izan ere, Frantziako armadan militar izandakoa da Le Priol, eta bertan bizitakoagatik, preseski, trauma osteko estresa duela adierazi du epaiketan. Kondenatzeko momentuan hori kontuan hartzeko eskatu zuten haren abokatuek. Bouvierren abokatuak akusazioaren birkalifikazio bat eskatu zuen: arma batekin egindako indarkeriagatik kondenatzeko eskatu zuen. Bouvierrek kontatu zuen «beldurrez» egin zuela tiro, eta zolari buruz tiro egin zuela uste izan zuela. Akusatuek etengabe ukatu dute aldez aurretik planifikatutako hilketa izan zela. Bouvierrek eta Rochemirrek Le Priolen bila abiatu zirela erran dute etengabe; Le Priolek onartu du errugbilarien atzetik joan zela, baina haiekin eztabaidatzeko zela erran du, eta ez hiltzeko.
Parte zibilen abokatuek, haatik, argi utzi nahi izan dute Bouvier, Rochemir eta Le Priol errugbilarien gibeletik joan zirela ostatuko liskarraren ostean. Hainbat lekukok hala deklaratu zioten epaimahaiari, besteak beste Le Mabillon ostatuko zerbitzariak eta segurtasun agenteak.
Azken hitzak
Goizean, akusatuek azken hitza errateko parada ukan dute. Bouvierrek epaimahaia «eskertu» du hiru asteotan bera «entzuteagatik». Arambururen familiari buruz erran du ez duela «sekula euren sufrimenduaren heineko hitzik atzemanen». Le Priolek barkamena galdegin die, eta honela mintzatu da gero: «Kristaua naiz, zuek bezala, eta agian keinu bat da gaur aita santua Parisen izatea. Espero dut ene barkatzeko indarra atzemanen duzuela egun batez, eta nik neuk neure buruari barkatzeko indarra atzemanen dudala». Rochemirrek eta Sorrentinok ez dute azken hitzik erran nahi izan.
Jarraipen mediatiko handia izan du auziak hiru astez, akusatu nagusiek eskuin muturrarekin daukaten harremanarengatik. GUD eskuin muturreko talde bortitzeko militanteak izandakoak dira Le Priol eta Bouvier. Epaiketan, parte zibilen abokatuek hedatu dituzten irudiek erakutsi dute akusatu nagusiek armekiko zaletasun handia daukatela eta ideologia naziarekin lotzen dituzten erreferentziak daudela.