Federico Martin Aramburu errugbilari ohiari tiro egiteagatik hiru astez epaitu zituzten irailean Loik Le Priol eta Romain Bouvier eskuin muturreko militanteak. Le Priolek 26 urteko kartzela zigorra bildu zuen, Aramburu hiltzeagatik; Bouvierrek, berriz, 19 urtekoa, hura hiltzen saiatzeagatik. Baina hara, biek helegitea ezartzea erabaki dute: Bouvierrek iragan ostiralean jakinarazi zuen, eta Le Priolek egun, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Bigarren auzi bat izanen dute urtebeteko epean, beraz. Sophie Thononek, Cecilia Aramburu biktimaren amaren abokatuak, erran du parte zibilendako «kalbario» bat izanen dela.Â
Irailaren 25ean Parisko Krimen Auzitegiak erabaki zuen Le Priolek eta Bouvierrek Federico Martin Aramburu hiltzeko nahia izan zutela, baina ez hilketa egitea aurretik pentsatu zutela. «Hiltzeko nahiaren alkimiaz» jardun zutela ebatzi zuen epaimahaiak. Beste bi pertsona kondenatu zituzten. Lyson Rochemir hiru urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten —30 hilabete, gibelapenarekin—, frogak kukutzeagatik: Le Priolen telefono bat eta SIM karta bat gorde zituen. Antony Sorrentino Bouvierren arma kukutzeagatik kondenatu zuten, eta baita hura ihesean laguntzeagatik ere; hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten, gibelapenarekin. Rochemir eta Sorrentino ez dira kartzelatuak izan, eta ez dute helegiterik aurkeztu.Â
Thononek erran du «Le Priolen eta Bouvierren eskubidea izanik ere», ez duela argi zer daukaten irabazteko. «Beren kondena handiagoa izateko arriskua dute, ez dakit zentzuzko erabakia ote den, baina gu zain gaude ea dei auzian zer gertatuko den», erran du. Gehitu du auzi bat berriz hastea «izugarri zaila» izanen dela biktimendako. «Bakoitzak ikasi du drama honekin bizitzen, eta drama berriz ere bizi behar izan dute iraileko auzian hiru astez. Orain beste auzi bat egin behar izatea zinez mingarria da». Â
Errugbilari ohiari tiro egin zioten Bouvierrek eta Le Priolek 2022ko martxoaren 19an, Parisko erdigunean: Bouvier izan zen tiro egin zion lehena, eta lau bala tiratu zizkion, eta bi lekutan zauritu; ondoren arribatu zen Le Priol, eta sei bala tiratu zizkion, eta lau tokitan hunkitu —bizkarrean jaso zituen balek hil zuten—. Eskuin muturreko GUD talde bortitzeko kideak izandakoak dira biak, eta armen zaletasun handia dute.Â