Arana harrera zentroko tokiak 350etik 200era murrizteko eskatu du Gasteizko Udalak

Etxebarriak, arreta hobea bermatua egon dadin, Espainiako Gobernuari eskatu dio 150 toki kentzeko, instalazioak bizilagunei irekitzeko eta Eusko Jaurlaritzarekiko koordinazioa indartzeko.

Gasteizko Arana zentroa. Artxiboko irudia. RAUL BOGAJO/ FOKU
Gasteizko Arana zentroa. Artxiboko irudia. RAUL BOGAJO/ FOKU
unai etxenausia
2025eko irailaren 12a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maider Etxebarria Gasteizko alkatea Elma Saiz Espainiako Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioko ministroarekin bildu zen astelehenean Madrilen, Aranan eraikitzen ari diren harrera zentroari buruz hitz egiteko. Alkateak hainbat proposamen helarazi zizkion zentroan eskaintzen den arreta hobetzeko, eta bereziki hiru neurri eskatu zituen: toki kopurua 350etik 200era murriztea, instalazioaren zati bat bizilagunei irekitzea eta Eusko Jaurlaritzarekiko koordinazioa indartzea harrera eta integrazio prozesuetan.

2023an erabaki zuen Espainiako Gobernuak Aranako eraikina —lehen Arana klinika izandakoa— errefuxiatuentzako zentro handi bihurtzea. Proiektuak 14,7 milioi euroko inbertsioa du, eta hasierako asmoa 350 pertsona hartzea zen. Egitasmoak polemika piztu izan du alderdi politiko eta auzo elkarteen artean, zalantzan jartzen baitute horrelako zentro handiak egokienak ote diren.

ME Rueda de prensa scaled
Maider Etxebarriaren gaurko agerraldia. GASTEIZKO UDALA.

Alkateak nabarmendu duenez, tokiak murriztuz, hiriko gizarte baliabide eta zerbitzuen gaitasun operatibora egokituko litzateke zentroa. Horrez gain, instalazioak auzoko bizilagunentzat ere irekitzea lagungarria litzatekeela uste du: «Horrek errefuxiatuen integrazioa bultzatzen lagunduko luke, eta, aldi berean, erakundeen eta inguruko bizilagunen parte hartzea erraztuko luke». Eusko Jaurlaritzarekiko elkarlana areagotzea ezinbestekotzat jo du, migrazio arloan eskumenak dituen administrazio gisa, «hezkuntzako, osasuneko edo lan baimenen arloko koordinazioa bermatzeko».

Etxebarriak esan du ministroak «jarrera irekia» erakutsi zuela proposamenak entzuteko. Orain bilera horren emaitzen zain geratuko direla gehitu du, eta administrazio guztien artean «elkarrizketa arina» izatearen garrantzia azpimarratu.

Nerea Melgosa Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak adierazi duenez, Jaurlaritzaren eredua izan behar da Aranako zentroaren erreferentzia. 80 edo 100era jaitsi beharko lirateke plazak, hori baita Jaurlaritzaren eredua. Plaza kopurua gehiago jaitsi behar da».

Azkenik, alkateak gogorarazi du zentroaren helburua dela «jazarpen politikoa, sexu izaera edo gerra dela medio» beren herrialdea utzi behar izan dutenei «itxaropena» ematea: «Nazioarteko babes zentro bat ez da gaizkileen gune bat, eskuin muturraren diskurtsoak sinetsarazi nahi duen bezala, baizik eta beren bizitza duintasunez berreraiki behar duten pertsona eta familia zaurgarriei harrera eta laguntza emateko baliabidea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.