EAJk bere webgunean baieztatu du: Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia izango da Sabino Arana fundazioko lehendakaria. Patronatua —fundazioaren gobernu organo gorena— gaur arratsaldean bildu da, eta onartu egin du Euzkadi Buru Batzarrak proposatutako hautagaia. Mireia Zaratek jardun du postu horretan 2020tik hona.
Arantxa Tapia (Astigarraga, Gipuzkoa, 1963) Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu ohia da. Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariak kargua utzi eta gidaritza Aitor Estebanek hartu zuenetik izandako aldaketa sortaren beste adibide bat da.
Ikasketaz industria ingeniaria da Tapia, eta hiru legealdiz izan zen sailburu, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari zela; baina 2005etik aurrera jardun izan da politikan, EAJri lotuta. Sailburuorde izan zen 2005ean. 2007an, Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketarako diputatu izan zen. 2011n, Madrilen EAJren diputatu izateko hautatu zuten, eta 2012an, Urkullu lehendakari izendatu zutenean, Eusko Jaurlaritzara batu zen. 2024ra arte egon zen hor, harik eta Imanol Pradalesek lehendakari kargua hartu, eta gobernukideak aldatu ziren arte. Gaur egun KPMG aholkularitza enpresako aholkularia da.
Bihar bertan izango du lehen ekitaldia fundazioko presidente gisa: mintegi bat egingo dute Agiriak, diktaduraren gainerako biktimak, Franco hil eta 50 urtera izenburupean.
Euzkadi Buru Batzarrak eskerrak eman dizkio Mireia Zarateri fundazioaren zuzendaritzan egindako lanagatik.