Arantxa Zulueta euskal preso eta abokatua Zaballako espetxetik (Gasteiz) Valentziakora (Herrialde Katalanak) urrunduko dute, EFE albiste agentziak "iturri juridikoak" aipatuz adierazi duenez. Presoaren abokatu Alfonso Zenonek BERRIAri esan dio beraiek ez dutela jakinarazpen ofizialik jaso. Zulueta Zaballan da joan den irailaren 30az geroztik, 11/13 sumarioko zigor epaia betetzen. Zuluetarekin batera, egun berean sartu zen Zaballara Jon Enparantza abokatua ere. Biak izan dira 11/13 sumarioko aldeen arteko akordioaren ondorioz kartzelara joan behar izan duten bakarrak.
Zuluetari hiru urte, sei hilabeteko eta hamazazpi eguneko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak; Enparantzari, berriz, bi urte, zazpi hilabete eta hiru egunekoa. Biak lehendik egonak ziren preso, behin-behineko egoeran: Zulueta hiru urte eta hilabete batez, eta Enparantza bi urte eta bi hilabetez. Horrenbestez, bost hilabeteko kartzelaldia egin beharko dute gehienez, zigorra betetzeko.
Enparantza joan den ostiralean atera zuen Zaballatik Espainiako Espetxeetako Erakundeak, haren familiari ezer esan gabe, presoari etxera telefono deirik egiten utzi gabe, eta jendaurrean esan gabe nora zeramaten. Atzo arratsaldean bukatu zen Enparantzaren lekualdatzea, Estremerako espetxera iritsita. Handik deitu zion familiari. Zaballatik atera zutenetik, Burgosen, Valladoliden, Topasen (Salamanca), Palentzian eta Valdemoron (Madril) izan dute. "Bahiketa" salatu du familiak.
Irailaren 16an hasi eta bukatu zen 11/13 auziko 47 lagunen aurkako epaiketa. Parteen arteko akordio bat dela bide, auzipetu guztiek espetxera joatea ekidin zuten, Enparantzak eta Zuluetak salbu. Bi horiei bi urtetik gorako zigorrak ezarri zizkieten. 11/13 sumarioko auzipetuen abokatuek eta fiskaltzak egin zuten akordioa, eta horra batu ziren AVT eta Dignidad y Justicia akusazioak.
Euskal presoen eskubideen alde aritutako abokatu eta elkarte batzuen aurkako epaiketa izan zen. 45 auzipeturi "erakunde terrorista batean parte hartu izana" egotzi zien epaiak, eta urte eta erdi eta bi urtera arteko espetxe zigorra jarri zieten. Enparantzari eta Zuluetari "erakunde terrorista bateko kide izatea" leporatu zien sententziak.