Arartekoak dio ez duela informaziorik jaso Cabacasen heriotzari buruz

Aresek aurkakoa dioen arren, gaztearen familiak berretsi egin du Herrizaingo Sailak dirua eskaini diola

Erredakzioa
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Iñigo Lamarca EAEko Arartekoak salatu du Herrizaingo Sailak ez diola Iñigo Cabacasen heriotzari buruz eskatutako txostena bidali. Apirilaren 9an hil zen Basauriko gaztea, Athletic-en partida baten ostean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz. Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Lamarcak azaldu du ikerketa bat abiatu zuela eta txosten bat eskatu ziola Herrizaingo Sailari, gau hartan erabilitako protokoloari buruz. Hiru hilabete pasatu ondoren, erantzunik ez duela jaso salatu du.

Rodolfo Ares sailburuak, komunikabideetara igorritako ohar batean, ukatu egin du Herrizaingo Sailak auziari buruz informazioa ematen ez duela, eta adierazi du «prentsaren aurrean eta Eusko Legebiltzarrean» azalpenak eman dituela.

Ohar berean, Aresek gezurtatu du Iñigo Cabacasen familiari kalte-ordaina eskaini diola. Hildako gaztearen gurasoek eta abokatuek herenegun kaleratutako ohar batean adierazi zuten Herrizaingo Sailak auzia ixteko dirua eskaini diela, «ezinezkoa delako egia jakitea eta gertatutakoaren arduradun zuzena nor izan zen jakitea».

Aresek beste ohar baten bidez erantzun dio familiari, eta azaldu du Ertzaintzaren abokatuak Jone Goirizelaia familiaren abokatuarekin hitz egin zuela, eta auzia administrazio bidetik konpontzeko aukerak ikusten zituela esan ziola. Aresek uste du horretan oinarritu dela abokatua «asmo txarreko interpretazioa egin eta eskaintza bat egin dietela ondorioztatzeko». Sailburuak «iritzi publikoa manipulatzeko eta nahasteko edozer» egitea leporatu dio Goirizelaiari.

Cabacasen familiak, baina, gogor kritikatu du Aresen erantzuna. Atzo kaleratutako ohar batean berretsi egin du diru eskaintza bat jaso dutela. Aresen jarrera salatu du. «Bere helburu bakarra arreta desbideratzea da». Familiak Aresi adierazi dio prentsa ohar bidez erantzuten dion «azkeneko aldia» dela.

EArentzat, berriz, «onartezina» da Aresen jarrera, eta haren dimisioa eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.