Arartekoak eskatu du «bitarteko guztiak» jartzeko torturaren biktimentzat

Jaurlaritzari eskatu dio biktimen eskaerak garaiz ebazteko. Egiari Zor fundazioak Arartekora jo du, torturaren biktimei «tratu diskriminatzailea» ematen zaielakoan

Jaurlaritzak estatuaren indarkeriaren biktimei egindako erreparazio ekitaldia, joan den astean. JON URBE / FOKU.
xabier martin
2023ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Manu Lezertua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arartekoak berretsi du EAEko 12/2016 legeari lotuta biktima estatusa aitortzeko eskatzen ari direnek baztertuta ikusten dutela euren burua, eskaera horiek oso motel ebazten baitira. Hala, motibazio politikoari lotutako biktimen legeak babestutako batzordeburuarekin bat egin, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio «bere esku dauden bitarteko guztiak» jartzeko. Juana Balmaseda batzordeburuak horixe bera eskatu du asteon, Eusko Legebiltzarrean, batzordearen hirugarren txostena plazaratzeko agerraldian: bitarteko gehiago, «ez dadin luzatu biktimen aitortza 2030era arte».

Egiari Zor fundazioak atzo azaldu zuenez, elkarte horretako ordezkari batzuek Arartekora jo zuten duela hilabete batzuk, hari adierazteko «torturaren biktimei tratu diskriminatzailea» ematen zaiela «beste biktima batzuekin alderatuta». Eskatu zuten «ez dadila gehiago naturalizatu giza eskubideen urraketa». Era berean, Arartekoaren aurrean salatu zuten «ezein araudik ez duela garatu 12/2016 legea», uztailaren 28koa, errekonozimendua eta erreparazioa emateko EAEn 1978 eta 1999 bitartean izandako «motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei». Tramitazio arazoak eta atzerapenak nabarmendu zituzten.

Ekintza horiek ikusirik, Arartekoak txosten bat egin du tortura delituaren nazioarteko testuinguruaren eta legez babesteko tresnen gainean, eta Jaurlaritzari bere kezkak eta gogoetak helarazi. Hala, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunean, ekainaren 26an, Arartekoak erakunde adierazpen bat igorri zuen, «non argi adierazi baitzuen, jendaurrean, torturaren biktimen alde duen konpromisoa».

Lege hori garatzeko araudirik ez dagoelako Egiari Zorrek egindako salaketaren harira, Arartekoak dio Jaurlaritzako arduradunei esan diela legearen aplikazioari heltzeko eta kezka agertu diela «biktimak errekonozitzeko eskaerak izapidetzean atzerapena gertatzen ari delako eta atzerapen horrek biktimengan eragina duelako».

Torturatzaile goretsiak

Ebazpen horren bidez, Arartekoak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari eskatu dio «bere esku dauden bitarteko guztiak jar ditzala biktima guztien eskaerak, izapidetzen ari direnak, epe barruan ebazteko», 12/2016 legearen arabera. Egiari Zor fundazioak jakinarazi duenez, Arartekoak lege horren aplikazioa zertan den aztertzen jarraituko du. Eskaera horiek ebazteko epea beste 24 hilabete luzatu da, «modu egokian eta ahalik eta epe laburrenean ebatz daitezen».

Egiari Zor fundazioak kasu jakin bat salatu zuen Arartekora jotzean: «Jaurlaritzaren 2017ko txosten baten arabera, Arturo Espejo guardia zibilak izapidetutako operazio batean, torturen biktima izan zen Mikel Zabalza». Zabalza hilik agertu zen gero, Bidasoa ibaian. Kasu horri buruz, Arartekoak adierazi du «bateraezinak» direla «tortura goretsi edo justifikatzea eta indultuak, ohore publikoak edo sustapen profesionalak ematea, modu frogagarrian torturatzat jotako ekintzengatik kondenatuak izan direnei». Arartekoak uste du gizarteak «zigorgabetasun pertzepzioa izateak edo gizon-emakumeen kontzientziari nazka ematen dioten krimenak zuritzeak» zuzenbide estatu demokratikoaren oinarriak jaten dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.