Arazo handi bati jarritako «tirita»

Bizkaiko SOS Arrazakeriak begi onez hartu du Espainiako Gobernuak iragarritako migranteen ezohiko erregularizazioa, baina uste du neurriak ez dituela konponduko Atzerritarren Legeak sortzen dituen arazoak. Baldintza batzuk betetzea «zaila» dela dio.

Emakume migrante eta arrazializatuen protesta bat Bilbon, Espainiako Atzerritartasun Bulegoaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Emakume migrante eta arrazializatuen protesta bat Bilbon, Espainiako Atzerritartasun Bulegoaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
edurne begiristain
2026ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak iragarri du migratzaileentzako ezohiko erregularizazio prozesu bat martxan jarriko duela, eta albisteak itxaropena zein zalantzak piztu ditu urte luzez administrazioaren bazterretan bizi izan diren pertsona askoren artean. Migratzaileen egoera eta beharrak ongi ezagutzen dituzte Bizkaiko SOS Arrazakeria elkartean, eta hango kideek uste dute neurria «beharrezkoa» dela, baina ez dela aski migranteen errealitatea konpontzeko. Arazo handiago bati jarritako «tirita» dela ohartarazi dute; «adabaki» bat sakoneko arazo batentzat.

Ana Fernandez eta Sandra Mosquera Tabares elkarteko kideek esplikatu dutenez, erregularizazio prozesua ez da bat-bateko neurri bat izan, urte luzez migratzaileen mugimenduek egindako lanaren emaitza baizik. «Aspalditik mahai gainean egon den aldarrikapena da, eta orain arte ez da urrats erabakigarririk egin. Horregatik, gaur egun oso garrantzitsua eta beharrezkoa da, eta nolabait garaipen moduan hartu dugu», azaldu dute.

Fernandezen ustez, erabakiak migranteen errealitatea ikusarazten laguntzen du: «Pertsona horiek jada hemen bizi dira, hemen lan egiten dute, eta askok kotizatu ere egiten dute, baina haien eskubideak aitortu gabe daude». Hala ere, erregularizatuak izateko ezarritako baldintzek kezka sorrarazi die.

Dokumentazioa eta hizkuntza

Gobernuak neurria iragarri zuenetik, Bizkaiko SOS Arrazakeria elkartearen bulegoan egunero ari dira migranteen zalantzak argitzen. Elkarteko kideek azaldu dutenez, kontsultak nabarmen ugaritu dira azkenaldian: «Jendea kasu pertsonalei buruz galdetzen ari da, zer egin dezaketen, zenbateko epea duten, baldintzak betetzen dituzten ala ez...».

Baldintza nagusietako bat da Espainian, Galizian, Katalunian eta Hego Euskal Herrian gutxienez bost hilabetez jarraian bizi izana 2025eko abenduaren 31 baino lehen. Ikuspegi juridikotik aztertuta, baldintza hori «iragazki logiko» gisa ikusten dute elkartekoek, baina ohartarazi dute ikuspegi sozialetik begiratuta errealitatea askoz ere konplexuagoa dela: «Euren herrialdetik gurera etortzen direnentzako hasierako hilabeteak dira gogorrenak, egoera zaurgarrienean daudelako, baliabiderik gabe». Horrek esan nahi du, elkartearen iritziz, eskatutako baldintzak betetzea «zaila» zaiela baliabide eskasak dituztenei, batez ere prozesu administratibo luze eta garestiak tarteko direnean.

«Burokrazia ulertzea oso zaila da gaztelania menperatzen ez dutenentzat. Askotan ez dakite zer dokumentu bildu daitezkeen egonaldia frogatzeko»

SANDRA MOSQUERA TABARESBizkaiko SOS Arrazakeria

Bestelako zailtasunak ere ikusten dizkiote neurriari: dokumentazioa egiaztatzea eta hizkuntza aipatu ditu Tabaresek. Haren iritziz, migrante askok ez dute modurik eskatzen zaizkien dokumentuak eskuratzeko. Bertan bost hilabetez bizi izan direla erakusteko, zenbait agiri aurkeztu behar dituzte: hala nola gizarte zerbitzuen ziurtagiriak, ikastaroetako parte-hartze egiaztagiriak, liburutegien erabilera ziurtatzen dutenak edo diru bidalketaren bat egin dutela frogatzen dutenak. Baina hori lortzea «bereziki zaila» izaten da muturreko zaurgarritasun egoeran diren askorentzat: «Bizirik irautea, hori baino ez baduzu buruan, askotan ez duzu halako informazioa eskuratzen».

Hizkuntza ere oztopo izaten da migrante askorentzat. Tabares: «Burokrazia ulertzea oso zaila da gaztelania menperatzen ez dutenentzat. Askotan ez dakite zer dokumentu bildu daitezkeen egonaldia frogatzeko».

Aurrekari penalik ez izatea ere eskatuko zaie migranteei, eta, elkartekoen iritziz, horrek praktikan esan nahi du aurrekari polizialik ez izatea galdegingo zaiela. «Horrek jende asko utziko du kanpoan. Izan ere, haietako askok herrialdera iristean ez dute baliabiderik, eta behartuta daude bizimodua nolabait ateratzera. Egoera horretan, prozesutik kanpo geratzeko nahikoa izan daiteke prozedura polizial batean sartuta egotea, epaiketa baten zain egotea edo antzeko egoeraren batean egotea», azaldu du Fernandezek.

Atzerritarren Legea, arazo

Migratzaileen ezohiko erregularizazioa aurrera eramateak ez du Espainiako Atzerritarren Legea aldaraziko, eta horixe da, preseski, erroan dagoen arazoa, elkarteko kideen iritziz. Tabaresek azpimarratu duenez, Atzerritarren Legeak indarrean jarraitzen duen bitartean, migrante askoren bizi baldintzek ez dute hobera egingo. «Legeak pertsonak urte luzez egoera irregularrean bizitzera behartzen ditu, askotan eskubiderik gabe eta baldintza oso gogorretan».

«Pertsona horiek jada hemen bizi dira, hemen lan egiten dute, eta askok kotizatu ere egiten dute, baina haien eskubideak aitortu gabe daude»

ANA FERNANDEZBizkaiko SOS Arrazakeria

Elkarteko kideak azaldu duenez, jatorrizko herrialdeen araberako hitzarmenak ezartzen ditu Atzerritarren Legeak, eta hori erantsitako oztopoa izan daiteke hainbat migratzailerentzat, baita diskriminazioa sortu ere. Adibidez, Latinoamerikako herrialdeetatik datozenek errazago izaten dezakete euren egoera erregularizatzea; aldiz, Afrikatik datozenek askoz ere oztopo handiagoak izaten dituzte. «Pertsona batzuek bi urtean lor dezakete erregularizazioa; beste batzuek hamar urte behar dituzte, edo ez dute inoiz lortzen».

Erregularizazio prozesuak «onurak» ekar ditzakeela onartu arren, elkartekoek argi dute migranteen eskubideen alde lanean segitu behar dela. Fernandez: «Eskubideak ez dira opari bat, pertsona izate hutsagatik dagozkigun zerbait dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.