Haurrak eskolara heldurik gabe joateak autonomia, osasuna eta garapen soziala sustatzen dituela frogatu dute ikerketa ugaritan. Hala ere, Euskal Herrian egindako ikerketen arabera, Lehen Hezkuntzako azken mailetako ikasle gehienek helduren baten laguntzarekin egiten dute eskolarako bidea. EHUko KideOn ikerketa taldeak ondorioztatu duenez, gurasoen segurtasun pertzepzioa ez dator bat arrisku errealekin. Arriskuak diren baino handiagotzat hartzen dituzte, eta beldurra puztu: adibidez, familien %62,8k ez dute segurutzat jotzen umeak herrian bakarrik ibiltzea, istripuak anekdotikoak diren arren. Beraz, Naiara Berasategiren esanetan (Zumarraga, Gipuzkoa, 1979), azpiegiturak hobetzea bezain garrantzitsua da beldur hori sozialki nola eraikitzen den ulertzea. Egoerari aurre egiteko bide gisa, halaber, komunitate osoak ardura hartzeko ekinaldiak proposatu dituzte, Eskola Bidea kasurako.
Zuen esanetan, segurtasunik ez dagoen pertzepzioa sozialki eraikitzen da. Nola?
Segurtasunaren pertzepzioa ez da esperientzia pertsonalen ondorio hutsa: sozialki eraikitzen da. Hedabideek, sare sozialek eta diskurtso publikoek etengabe azpimarratzen dute arriskuaren presentzia, eta muturreko gertakariek oihartzun handia izaten dute, nahiz eta estatistikoki oso ezohikoak izan. Horrek sentiarazten du arriskua benetan den baino handiagoa dela. Beldurra, beraz, ez da arrisku errealaren isla zuzena, jasotzen dugun informazioaren eta interpretazio sozialaren emaitza baizik.
Zerk erakusten du pertzepzio hori ez datorrela bat errealitatearekin?
Gure ikerketan, familien %62,8k esan dute ez dutela herria nahikoa segurutzat jotzen umeak bakarrik ibiltzeko. Beldur hori trafikoarekin lotzen dute, oinezkoentzako azpiegiturekin, kaleen diseinuarekin eta argiztapenarekin. Hala ere, datuek erakusten dute istripuak eta intzidentziak bakanak izaten direla eskolarako bidean. Arazoa, beraz, ez da hainbeste segurtasun erreala, baizik eta haren pertzepzioa.
Zer ondorio ditu segurtasuna lehentasun erabateko bihurtzeak?
Segurtasuna lehentasun bihurtzen denean, haurren autonomia bigarren mailan gelditzen da. Gero eta aukera gutxiago dituzte kalean modu autonomoan ibiltzeko, eta horrek garapen pertsonalean, sozialean eta emozionalean eragiten du. Horren harira, ez dugu uste arrisku guztiak ezabatu behar direnik: kontua da haurrek arrazoizko arriskuak kudeatzen ikastea eta espazio publikoa erabiltzeko aukera izatea. Herriak haurrez betetzen direnean ere, segurtasun pertzepzioa indartzen da; harremanek eta komunitate bizi batek babesa ematen dute. Aldebiko harremanaz mintzo gara.
«Kontua da haurrek arrazoizko arriskuak kudeatzen ikastea eta espazio publikoa erabiltzeko aukera izatea»
Zer galtzen dute haurrek autonomia mugatzen zaienean?
Autonomia ez da leku batetik bestera bakarrik joatea. Kalean ibiltzea erabakiak hartzea da, arazo txikiei aurre egitea, ingurunea ezagutzea, besteekin harremanak sortzea eta norberarenganako konfiantza eraikitzea. Esperientzia horiek guztiak funtsezkoak dira identitatea, autoestimua eta autonomia garatzeko. Babestu nahian, ikasteko aukera horiek kentzen dizkiegu batzuetan.
Nola alda daiteke joera hori?
Kontzientziazioaren eta pedagogiaren bidez. Guraso askok uste dute seme-alabei laguntzea dela haiek babesteko modurik onena, baina azaldu behar zaie autonomia ere ongizatearen parte dela. Beldur horiek sozialki eraikitzen baditugu, aldatu ere halaxe egin daitezke.
Eskola Bidearen gisako egitasmo komunitarioak badira; horien bidez, haurrek modua izaten dute taldean eskolara joateko. Zer ekarpen egiten dute?
Eraginkorrak dira, segurtasuna komunitatetik abiatuz eraikitzen dute eta. Umeek taldean egiten dute bidea, elkarguneak antolatzen dira, komertzioek babes sarean parte hartzen dute, eta auzoko eragileak inplikatzen dira. Horrek familien konfiantza handitzen du, haurren autonomia sustatu, eta herria biziberritzen lagundu. Eskola Bidean bezalako proiektuak aurrera daramaten udalerriak ere ikertu ditugu, Tolosa, Leioa eta Erandio, besteak beste. Horietan parte hartzen duten umeek abantaila nabariak dituzte maila emozionalean, sozialean eta osasunean.
Nik neuk ere ikusten dut hori egunerokoan. Sopelan bizi naiz, eta alaba Eskola Bidearen bidez joaten da eskolara. Lagun berriak egin ditu bidean, eta loturak sortu ditu lehen harremanik ez zuen auzoko haurrekin eta bizilagunekin ere. Goizetan giro berezia sortzen da kalean: haur taldeak topalekuetan elkartu, eta elkarrekin joaten dira eskolara. Horrek bizitasuna ematen dio herriari, eta espazio publikoak hurbilago eta lagunkoiago bihurtu. Finean, kalea seguru bilakatzen du.
Gainera, haurrek eurek ere parte hartzen dute ibilbideak diseinatzeko eta erabakiak hartzeko orduan; subjektu aktibo bihurtzen dira. Autonomia landu eta eraikitzen dute.
«Herriak haurrez betetzen direnean ere, segurtasun pertzepzioa indartzen da»
Zaintzaren antolaketan ere badute eraginik halako egitasmoek?
Bai. Tradizionalki haurren zaintza emakumeen gain gelditu da neurri handi batean. Komunitateak ardura banatzen duenean eta haurrak autonomiaz mugitzeko baldintzak sortzen direnean, presio hori arindu egiten da. Ez da genero arrakala amaiaraziko duen irtenbidea, baina lagungarria da zaintza ardura kolektibo gisa ulertzeko.
Familiek eta erakundeek zer egin beharko lukete?
Ikuspegi komunitarioa behar da. Familiek, eskolek, udalek, komertzioek eta herriko gainerako eragileek elkarlanean jardun behar dute, modu koordinatuan. Azpiegiturak hobetzea garrantzitsua da, baina ez da nahikoa. Segurtasuna pertsonen arteko konfiantzaren, harremanen eta herri bizi baten bitartez ere eraikitzen da.
Era berean, ezinbestekoa da haurrak prozesu horien motore izatea: haien interesak, nahiak, proposamenak eta erabakitzeko ahalmena erdigunean jarri behar dira. Espazio urbanoetan haurrek ere tokia eta ahotsa izan behar dute.