Arazoak eragin ditu aire kontrolatzaileen grebak

Frantziarako bidea egin behar zuten hainbat hegaldi bertan behera laga dituzte Miarritzen eta Loiun.Lanuzteei eutsiko diete hurrengo asteetan

Miarritzeko aireportuan nabaria izan da Frantziako kontrolatzaileen greba. G. IROZ.
Oihan Vitoria.
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Greban dira Ipar Euskal Herriko eta Frantziako aire kontrolatzaileak. Lan zama handitu zaiela eta lanpostuak gutxitu dizkietela salatzeko asmoz, lanuzteak egin zituzten atzo; gaur ere gauza bera egingo dute. Miarritzeko aireportuan (Lapurdi) eragozpen franko sortu zituen grebak; lehenbiziko ordutik, gainera. Frantziara joan-etorriak egitekoak ziren hegazkin gehientsuenak aireratu ere ez ziren egin. Izan zuen eraginik Hego Euskal Herrian ere: Air France konpainiak bertan behera utzi zituen lau hegaldi Loiuko aireportuan (Bizkaia). Goizean goiz Pariserako bidea egin behar zuen hegazkina eragozpenik gabe abiatu bazen ere, hurrengo laurak ez ziren aireportutik irten. Air Francek, dena dela, arrastirako iragarritako hegaldi guztiei eutsi zien.

Grebaren ondorioz, Frantziako hegaldien %40 bertan behera laga zituzten. Frantzian ez ezik, Espainian ere bistako eraginak izan zituen: 180 hegaldietatik 23 aireratu gabe geratu ziren. Katalunian, Bartzelonako aireportuko hamabi hegaldik jasan zuten geldialdia.

Grebari buruz balorazio positiboa egin, eta langileen erantzuna «erabatekoa» izan dela nabarmendu du SNCTA Frantziako aire kontrolatzaileen sindikatu nagusiak. Alabaina, ziurtatu du egoera eraldatu ezean hurrengo asteetan ere lanuzteei eutsiko diela. Gaurko deialdiaz gain, eta maiatzaren 2ra bitarte, astero bi greba egitera deitu ditu Frantziako aire kontrolatzaileak. Egun hauetan, zehazki: hilaren 16an eta 18an, hilaren 29an eta maiatzaren 2an. Trafikoa normaltzea espero dute aireportuetako arduradunek. Aireportura joan aitzin, hori bai, informazioa eskatzeko gomendatu dute.

Kontrolatzaileen aldarriak ez dira berriak. Urteak daramatzate lan baldintza hobeen eske. SNCTAren aburuz, Frantziako Gobernuak eta aireportuak kudeatzen dituen erakundeak behin eta berriz ukatu dizkiete negoziatzeko eskariak. Kontrolatzaileek deritzote, halere, «premiazkoa» dela eztabaida, aire espazioan «gainkarga bat» gerta ez dadin. Arriskua «egiazkoa» dela diote: «Hegazkin trafiko handiak kudeaketa zaildu du. Baliabideak indartu ordez, murriztu egiten dizkigute etengabe». Erabakiok segurtasunean eragin «zitala» izan dezaketela ohartarazi du sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.